Eraikuntza

Bizkaiko eraikuntza: lehen greba 30 urtean

Sindikatuek lanuzteak antolatu dituzte ostiralerako Bizkaiko eraikuntzan, KPIaren araberako soldata eguneraketak eskatzen dituztelako. 1994an deitu zuten grebara azken aldiz.

Hiru igeltsero lanean, Bilboko eraikin batean. LUIS TEJIDO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko ekainaren 8a
13:54
Entzun

Bizkaiko eraikuntza sektoreak azken 30 urteetako lehen greba eguna egingo du ostiralean. 1994an deitu zuten azkenekoz egun osoko lanuzteetara, eta orduz geroztik ez da arazo handirik egon lan hitzarmenak berritzeko garaian. Oraingoan, baina, sindikatu guztiek bat egiten dute eskaeretan: KPIaren araberako soldata igoera gutxienez. Ez, ordea, protesta moldeetan. CCOOk, gehiengoa duen sindikatuak (%49), bost orduko etenaldira deitu du: 06:00etatik 11:00etara egingo dute; ELAk (%37) eta LABek (%7 inguru), berriz, egun osoko etenaldia egingo dute. CCOOk beste lanuzte batera deitua du hilaren 16rako; sindikatu abertzaleek, berriz, greba egunak antolatu dituzte 16rako, 19rako eta 20rako.

Egoera bitxia da Bizkaiko eraikuntzarena. Duela bi urte, CCOOk eta UGTk hitzarmen berria sinatu zuten, eta indarrean dago. Bi urterako (2021 eta 2022) KPIaren araberako soldata igoerak onartu zituzten, eta indarraldiko azken bi urteetako eguneraketak aurrerago negoziatzeko utzi. Eta zein da korapiloa? Bada, sindikatuak eta Ascobi patronala ez datozela bat. Patronalak %3,7ko igoera eskaini du aurtengo eta %2koa hurrengo urterako. Horrekin batera, pentsio planak hobetzea eskaini du. Sindikatuek, baina, argi dute: sektorea ondo dago, eta KPIa igo behar da.

«Bere garaian, baldintza horiek sinatu genituenean, arrazoizkoak iruditu zitzaizkigun. Zalantzak zeuden sektorean, KPI handiak, pandemia... Ikusteko zegoen bilakaera ekonomikoa zer-nolakoa izango zen», azaldu du Txema Herrero CCOOko Bizkaiko eraikuntza sektoreko arduradunak. Orain, baina, argi dute KPIari eutsi behar zaiola: «Sektorea azken hamarkadako garairik gozoenean dago. Iaz 1.147 milioi euroren lizitazio publikoak egin ziren Bizkaian. Lan hau oso gogorra da, eta langileek merezi dute». Herrerok gogoratu du enpresen irabazi marjina %19 ingurukoa izan ohi dela.

ELAn, ordea, bestela ikusten dituzte gauzak, eta argi dute egoera hau duela bi urteko negoziazioaren ondorio dela. «Egoera oso bitxia da, legalki soldata eguneraketarengatik bakarrik mobilizatu gaitezke, baina hitzarmenak gabezia handiak ditu», salatu du Arrate Elkoro sindikatuko ordezkariak. Era berean, gehitu du deigarria dela ikustea azken urteetan ez dela gatazkarik izan, eta bi aldagai lotu ditu horrekin: batetik, CCOOren eta UGTren negoziazio eredua, eta, bestetik, «mehatxuak» ohikoak izatea eta azpikontraten erabilera oso zabaldua egotea.

30.000 langile eta 1.100 enpresa

Bizkaiko eraikuntzako ituna 30.000 langile ingururen baldintzen oinarria da. 1.100 enpresatik gora dira, gehienak txikiak, eta ia ez dago enpresa hitzarmenik. Berdin aplikatzen da eraikuntzan, herri lan handietan eta etxebizitzen berritze lanetan. Eta zenbatekoa da soldata garbia? Igeltsero berezi batek gutxi gorabehera 1.400 euro garbi jasotzen ditu hilabetean, lehen mailako ofizialak 1.650 euro eta arduradunak 1.800 (hamalau ordainketa). Langileen %90 hiru maila horietan dauden. Aparteko orduak dira berezitasunetako beste bat, oso ohikoak baitira, udan bereziki. Hogei euroan ordaintzen dira.

«Gure eskaera zentzuzkoa da. Ezin da ahaztu Bizkaiko BPGaren %10 sortzen dugula, eta Bizkaiko eraikuntza enpresek prestigio handia dute. Igeltseroak guztiz ahazten dira: obrak haiek egiten dituzte, ez enpresek», aldarrikatu du Herrerok. Are gehiago, uste du enpresek ez dutela izango baldintzak hobetu beste erremediorik: «Haien jarrera ez dator bat langile gabeziarengatik duten kexuarekin. Baldintzak hobetzea da langileak erakartzeko modua».

Alde handiak Gipuzkoarekin

Elkorok bat egin du hausnarketarekin, baina gehitu du badela modua baldintzak asko hobetzeko, eta Gipuzkoa jarri du eredu gisa: «Alde oso handia dago, oinarrizko peoi batek ia 3.000 euro gehiago irabazten ditu urtean, eta askotan Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa enpresa berekoak dira. Gipuzkoan %75eko ordezkaritza dugu guk». Ez da esajerazioa: taulei begiratu baino ez dago. Bizkaian, 2022an —berritzeke daude—, peoi espezialista batek 24.849 euro gordin jaso zituen urtean; Gipuzkoan, 2023an, maila bereko langile batek 28.746 euro gordineko soldata du —hamasei ordu gutxiago lan eginda—. Elkorok aurreratu du Bizkaiko hurrengo negoziazioan soldata eguneraketatik harago doazen hainbat arlo sartuko dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.