Hilero hipoteka pagatu behar duten herritarrei ez ezik, enpresei ere kalte egin die interes tasen igoera bortitzak, eta haietako askorentzat arazo bilakatzen ari dela egiaztatu du Cebeken udazkeneko inkestak.
Bizkaiko enpresaburuen elkarteko galdeketari erantzun diotenen %48k ziurtatu dute beren finantzaketa kostuak «nabarmen» handitu direla 2022arekin alderatuta, nahiz eta oraindik lortzen dituzten kredituak hala behar izanez gero. Finantzaketa arazorik ez dutela diote %45ek, baina %7k azaldu dute maileguen iturria itxita daukatela.
Ekonomiaren motelaldia antzematen ari dira Bizkaiko enpresak. Apirileko inkestan, %55ek esan zuten Bizkaiaren egoera ekonomikoa ona zela, baina %36 baizik ez dira orain. Gehiengoa dira, berriz, «erdipurdikoa» dela uste dutenak, %55 hain zuzen ere. Egoera txarra dela diote %9k.
Beste galdera batzuen erantzunetan ere ikusten da giroa okertu egin dela. Hala, eskari ahulak dituztela esaten dutenen kopurua %30etik %36ra handitu da apiriletik urrira, eta %20tik %31ra igaro da ekoizpena gutxitu dutenen kopurua. Edonola ere, gehiago dira produkzioaren eusten dutenak (%49) eta eskaeretan aldaketa handirik ikusi ez dutenak (%49).
Enplegua, sendo
Jarduera ekonomikoaren moteltzeak ez dirudi, ordea, enpleguari kalte handia eragingo dionik. Cebekek oroitarazi du aurtengo urrian iazkoan baino 7.138 afiliatu gehiago zituela Gizarte Segurantzak Bizkaian, eta inkestak ez du okertzerik iragartzen: %72k diote lan taldeari eutsiko diotela, %21ek handitu egingo dutela, eta %7k txikituko dutela.
Are gehiago, enpresa asko kexu dira kontratatzeko arazoak dituztela (%59), eta askok diote kontratatzeari utzi diotela behar dituzten langileak aurkitzerik ez dutelako (%52).