Bizkaiko atalak EHNE utzi du, eta beste sindikatu bat sustatuko du

Urriaren 31n atera zen konfederaziotik, eta orain elikadura subiranotasunaren aldeko egitura eratu nahi du, Euskal Herri osorako

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2010eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna (EHNE) uztea erabaki du Bizkaiko atalak. Urriaren 31n atera zen konfederaziotik, gogoeta prozesu baten ondotik. Atzo, EHNE osatzen duten beste hiru herrialdeetako ordezkariek agerraldia egin zuten Gasteizen, eta sindikatu ereduari buruzko eztabaida «herrialde guztiekin batera» egiteko eskatu zioten Bizkaiari.

Bizkaiko EHNEko ordezkariek atzo ez zuten adierazpenik egin, baina auziaz Baserri Bizia aldizkari digitaleko azken bi aleetan agertu diren informazioak berretsi zituzten. Erabakiaren jatorria EHNE-Bizkaiko herrialde kontseiluak joan den uztailean onartu zuen agiri batean jasotzen da. Dokumentu horretan konfederazioaren egungo egoera kritikatu, eta bestelako eredu baten beharra dagoela azaldu zuen kontseiluak, bestelako nekazaritza politika bat sustatzeko balio beharko duena.

Herrialdeen arteko konfederazio egitura azken garaietan ahuldu egin dela salatu eta agortutzat jo dute Bizkaiko ordezkariek. «Ezin gara antolakuntza administratibo-juridiko probintzialista baten kopia izan, gure ustez, zaharkituta dago eta». Ezinegona ez da oraingoa, eta, esaterako, EHNEk egin zuen azken kongresuan Bizkaiak egindako zuzenketa bat bera ere ez zela onartu gogoan dute.

Horren ordez, nekazaritza arloko sindikalismo proiektu bateratu bat sustatzeko asmoa iragarri dute, Euskal Herri osorako, «elikadura subiranotasunetik herrialdearen eraikuntzaren zerbitzura».

Erakunde berria antolatzeko, gogoeta aldi bat hastea da Bizkaiko EHNEren asmoa. Ekimen horren ardatz nagusia elikadura subiranotasuna izango da, ikuspegi estrategiko eta praktiko batetik, eta nekazaritza ereduak horretan oinarritu beharko luke. «Helburua ez da eredu produktibistan harrapatuta dauden nekazariak suntsitzea, baizik eta eztabaida sozializatzea eta eredu horretatik ateratzeko tresnak eta jarraibideak aurkitzea», afiliatuei EHNE uzteko erabakiaren berri emateko testuak dioenez. Mugimendu berria elikadura subiranotasunarekin bat datozen pertsona eta erakundeei irekitzea da Bizkaiko EHNEren apustua. «Eraikuntza prozesu malgua izan beharko da, baina iraunkorra».

«Gogoeta» eskaera

Bizkaian hartutako bideari erantzuteko, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako EHNEko arduradunak bildu ziren Gasteizen. Agerraldian Yolanda Urarte UAGAko lehendakariak eta Mikel Alzuart zuzendaritzako kideak hartu zuten hitza, baina sindikatuko beste pertsona ezagun batzuk ere han izan ziren. Esaterako, Maite Aristegi konfederazioko lehendakaria izandakoa.

EHNE-Bizkaiko kontseiluak uztailean onartutako agiria jaso zuen konfederazioak. Haatik, edukiari buruz eztabaidatu baino lehen sindikatua uztea deitoratu zuen. «Bizkaiko afiliatuei dei egiten die konfederazioak gogoeta sakona egin dezaten, euren ordezkariek azkarregi hartu duten erabakiaren inguruan».

Sindikatuaren ereduari, antolakuntzari eta etorkizunari buruz gogoeta egiteko «prest» daudela nabarmendu zuten Urartek eta Alzuartek. «Bat gatoz sindikatu eta nekazaritza ereduaren inguruko hausnarketaren premiaz ari garenean, eta hemen ordezkatuta gauden hiru herrialdeak prozesu horretan murgiltzeko asmo sendoa dugu». Haatik, sindikatuaren etorkizuneko antolakuntzak egungo egituratik abiatu beharko duela azpimarratu zuten.

Lehen sektoreak duen krisi «larriarekin» sindikatua zatikatzea ez dela bidea azaldu dute konfederaziokoek. «Eredu beraren alde borrokatzen ari gara, ez du zentzurik indarrak metatu beharrean haustura elikatzeak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.