Bizkaiko Aldundiko sail ia guztiek aurten baino diru gehiago izango dute 2016an

Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak soilik jaitsi du aurrekontua.Aurtengo zerga bilketa jaitsi izanak ez du murrizketarik eragingo

Arnaitz Lasarte.
2015eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Bizkaiko Foru Aldundiko sailek aurten baino diru gehiago gastatu ahal izango dute datorren urtean. Guztira, sailek 1.178,2 milioi izango dituzte gastatzeko, aurten baino %2,4 gehiago. Sailez sail aurrekontuei erreparatuta, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailean bakarrik izango da jaitsiera (-%1). Gehiago edo gutxiago, gainontzeko sailetara bideratutako kopurua handitu egingo da iaztik.

2016. urterako kontuak azaltzeko agerraldia egin zuten atzo Unai Rementeria ahaldun nagusiak eta Jose Maria Iruarrizaga Ogasun diputatuak, baina aurtengo arazoei buruz ere azalpenak eman behar izan zituzten. Izan ere, zerga bilketa espero baino makalago doa aurten Bizkaian —aurreikusi baino %3 gutxiago bildu dute oraingoz—, eta aurrekontua betetzerik ez da izango. Garrantzia kendu nahi izan zion Rementeriak, eta agindu zuen ez dela inolako murrizketarik egin beharko, sailek nekez gastatzen dutelako aurreikusia zutenaren guztia. Azaldu zuenez, urte amaieran aurrekontutik benetan gastatu den kopurua ez dela %100era iristen. Datorren urteko kontuei ere ez lieke eragin beharko; besteak beste, dirua aurreztuko dutelako zorraren interesetan.

2016an gastatzeko diru gehiago izango dela sailez sail sumatuko da. Aurten bezala, diputazioakgizarte ekintzara bideratuko du diru gehien: 472,5 milioi, aurten baino %2,7 gehiago. «Garrantzitsuena pertsonak dira; eguneko 1,3 milioi inbertituko ditugu herritarrei arreta eskaintzera», zehaztu du Rementeriak. Igoera handiena, hala ere, herri administrazioan izango da. 41,3 milioi euro jarriko dira horretan, aurten baino %11 gehiago.

Gainontzeko sailetan apalagoak izango dira igoerak; Ekonomia eta Lurralde Garapenera 245 milioi bideratuko dira, iaz baino %0,8 gehiago; Garraio eta Mugikortasunera, 155,7 milioi (+%2,4); Ogasunera, 58,4 milioi (+%6) ; Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailera 51,4 milioi (+%3,2); eta Euskara eta Kultura Sailera, 48,7 milioi (+%2,3). Jaitsiera bakarra Iraunkortasun eta Ingurumen Sailean izango da. 105 milioi euro emango zaizkio sail horri, aurten baino %1 gutxiago.

Rementeriak eta Iruarrizagak zenbaki orokorrak jakinarazi zituzten atzo, baina sail bakoitzaren inguruko informazio xeheagoa diputatuek emango dute jendaurrean, azaroaren 4tik 10era. Batzar Nagusietarako bidea egingo du orain aurrekontu proiektuak. Ezusteko handirik ezean, ez du trabarik izango Rementeriaren aldundiak, PSEren babesa izango baitu.

Aurrekontu orokorra, gora

Bizkaiko aurrekontu orokorra 7.437 milioi eurokoa izango da 2016an, aurten baino %2,6 gehiago. Baina kopuru horretatik zati bat baino ez da bideratzen sailetara. Bestelako ordainketak egiteko erabiltzen da gainontzeko dirua. Datorren urtean, Espainiako Gobernuari kupoa ordaintzeko 380 milioi jarriko ditu aldundiak(-%6,8); Eusko Jaurlaritzari 4.609 milioi euroko ekarpena egingo dio (+%4,4), eta udalak finantzatzeko 824 milioi erabiliko ditu (+%1,5). Kopuru orokor horri kendu behar zaizkio langileen gastuak eta zorra ordaintzera bideratzen den dirua ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.