Zortzi urteren ostean, hitzarmena eguneratuko dute Bizkaiko ehungintza merkataritzaren sektorean. Hala iragarri dute gaur, eta bihar sinatuko dute sektoreko ordezkari sindikalek —ELA, LAB, CCOO eta UGT— eta Bizkaidendak eta Cecobi patronalek. Besteak beste, 2015eko soldatekin alderatuta, %12ko igoera adostu dute 2023rako. Datorren urterako %4ko soldata igoera hitzartu dute, %3,5ekoa 2025erako, eta %2,5ekoa 2026rako. Soldata igoeraz gain, lanaldia zortzi ordu murriztea ere adostu dute patronalak eta sindikatuek, hots: lau ordu gutxiago 2024an, eta lau ordu gutxiago 2025ean. Ez da bide makala izan. Izan ere, bi aldeen arteko 45 bileraren ondoren iritsi da akordioa.
Zortzi urteotan, aldaketak izan dira lantaldean, baina horiek ere aintzat hartu dituzte hitzarmenean; 1.250 euroko ordainsaria jasoko dute 2016ko urtarriletik enpresan alta emanda dauden eta ordutik soldata igoerarik izan ez duten langileek. Bestalde, lanaldia zortzi ordu murriztea ere adostu dute bi aldeek. Lau ordu gutxiago egingo dute lan 2024an, eta beste lau ordu gutxiago 2025ean.
Are, Internet bidezko salmentak sarituko dituzte. 150 langile baino gehiago dituzten eta urteko salmenta guztien %10 baino gehiago Internet bidez egiten dituzten enpresek 1.000 euroko ordainsaria jasoko dute 2024an; 1.040 eurokoa 2025ean; 1.075 eurokoa 2026an; eta 1.100 eurokoa 2027an.
Guztira, 43 elkartek osatzen dute Bizkaidendak patronala, eta 3.400 establezimendu baino gehiago kudeatzen ditu.