Bizkaian gorabeheratsua izan da grebaren erantzuna. Goizean goiz eragin nabarmena izan dute trafikoan, esaterako, Bilborako sarbide nagusietako hirutan piketeek egin dituzten etenek, eta hainbat kilometroko auto ilarak sortu ditu Zamudioko Teknologia Parkean egindako mozketak ere. Lea-Artibai inguruko industrialdeetan itxita egon dira Cikautxo, Eika eta Nemak, adibidez, baina, salbuespenak salbuespen, oro har irekita egon dira saltoki, lantoki eta merkataritza gune gehienak, eta hiriburuan egindako eguerdiko mobilizazioena izan da eguneko indar erakustaldi nagusia. Datu zehatzetan eman dute sindikatuek grebaren erantzunaren berri, eta zehaztu dutenez, adibidez, Bilbon, gutxieneko zerbitzuetan zebiltzanak kontuan hartu gabe, hamar udal langiletik 7k egin dute greba, eta handia izan da erantzuna Durangaldean, Busturialdean eta Arratian. FVEM patronalaren arabera, Bizkaiko metalgintzan %12ko erantzuna izan du grebak, eta EHUko Bizkaiko campusetan %10ekoa izan da jarduera.
Bilbo izan da arretagune informatibo nagusietako bat, eta errepidea izan da interesgune garrantzitsuena. Goizean hiru sarbide itxi dituzte grebalariek guztira, eta nabarmen eragin du horrek eguneko martxan. Auto karabana batek eragotzi du trafiko jarioa Juan de Garaiko sarbidean, eta manifestariek eten dute Errekalde zumar kalea. Baimendutako ekintzak izan dira bi horiek, eta auto ilara luzeak eragin dituzte. Sabino Arana etorbideko sarbidean tentsioa izan da tarteka. Baimenik ez dute lortu piketeek bide hori eteteko, baina ordu erdi inguruz trabatu dute. Poliziaren presentzia handia izan da. Ertzaintzaren istiluen aurkako hamabi furgoneta egon dira bidea zabalik mantentzen, eta tentsio uneak egon dira. Eta jarraitu egin du giro horrek Carlton Hotel parean, El Corte Ingles aurrean eta Kale Nagusian egon diren ekintzetan.
Metroak eta autobusak gutxieneko zerbitzuak eskaini ditu, eta, trafiko mozketekin batera, horrek ohi baino itxura motelagoa eman dio hiriari. Bestalde, gunez gune asko aldatu da itxitako saltokien kopurua ere. Hiri erdigunean, adibidez, Zazpikaleetan zenbait kale erabat itxita egon dira, baina erdiguneko eta Deustuko kalerik komertzialenetan ia igarri ere ez da egin grebaren eragina. Erriberako merkatua itxita egon da, eta Zabalguneko saltokien erdiek ere zarratuta eduki dute pertsiana.
Zamudion egon da beste trafiko korapiloetako bat. Berrogei grebalari inguruk manifestazioa hasi eta nabarmen oztopatu dituzte teknologia parkerako sarbide nagusiak, eta, horrek eraginda, ilara luzeak egon dira Txorierriko autobideraino eta Lezamaraino. Guztira, 266 enpresa baino gehiago daude parkean eta inguruko industrialdeetan, eta handia izan ohi da goizero langileen joan-etorria. Parkeko webgunearen arabera, 10.000 langilek dute enplegua han, eta Bizkai osoko barne produktu gordinaren %7 sortzen du guneak. Etenekin nabarmen moteldu da produkzioa, ordea. Baimenduta zeukaten mobilizazioa, baina ez errepidea erabat ixteko, eta zenbait tentsio une izan dira horregatik Ertzaintzarekin. Ordu eta erdi inguruz egon da trafikoa trabatuta.
Lea-Artibai izan da grebako beste arretaguneetako bat. Gizaburuaga herriko Okamiko poligonoan enpresa guztiak itxita egon dira goizean, piketeek itxiarazi dituzten hiru salbu. Eta Berriatuan ere eragin argia izan dute mobilizazioek. Besteak beste, zarratuta egon dira Cicautxo —600 langile inguru ditu— eta Nemak ere —mila langile inguru ditu—. Eika kooperatibak ere ez du aterik ireki. Piketeak ibili dira industrialdeetan goizean goizetik, eta, gurpil batzuei su emanda, errepide batzuk trabatu ere egin dituzte Markina-Xemein eta Lekeitio artean. Suhiltzaileek minutu gutxi batzuk behar izan dituzte trabak kentzeko, eta etenek ez dute eragin handirik izan.
Ondarroan, portuan, mugimendu gutxiago igarri da, eta, sinbolikoki, ez dute goizeko zazpietan egunero entzun ohi den turruna jo. Piketeek Lanbide itxi dute herrian. Eroski eta denda handiak ere itxita egon dira, eta banketxeek soilik ireki dituzte ateak herrian. Errepidea ere itxi dute herrirako sargunean eta irteeran. Pankartarekin batera, aurten Euskal Herrian hil diren bederatzi langileak irudikatzen zituzten txotxongiloak ere utzi dituzte errepidean, eta pintura gorria bota dute.
Barakaldon oso jendetsuak izan dira Bilboko eguerdiko manifestazioetara joan diren grebalari zutabeak. BEC erakustazokaren aurrean errepidean eserita, bi ordu inguruz mozketak egin dituzte biribilgunean. Metroz egin dute gero hiribururako bidea, eta ozen hedatu dituzte grebako aldarri nagusiak.
Gernikan, herrigunean nabarmena izan da grebaren eragina. Itxita egon dira goizean taberna eta saltoki gehienak, nahiz eta irekita egon diren kate handien saltokiak. Zenbait supermerkatu handi ere zarratuta egon dira. Mungian, Bermeon eta beste zenbait herritan, itxiera puntual batzuk salbu, grebak ez du izan erantzun handirik. Durango aldean, berriz, erantzun zabala izan du grebak, sindikatuen arabera, eta protesta ikusgarria egin dute Abadiñon, McDonalds jatetxeko aparkalekuan ardi talde bat askatuz.
Gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ere salatu dituzte sindikatuek. Galdakaoko ospitalea jarri dute adibidetzat. Sindikatuek zehaztu dutenez, gaueko txandan lan egin duten 151 langileetatik bakar batek egin ahal izan du greba. Eta zahar etxeen kasuan ere, gutxieneko zerbitzu horiek mantendu dituzte zabalik hainbat zentro.