Bizkaian langabeziak behera egingo duela uste du Ganberak

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Bilboko Merkataritza Ganberaren ustez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGa %4,2 igoko da aurten. Hala bada, 2019ko kopuruetako %99,1era iritsiko da. Ia erakunde guztiek bezala, Ganberak apaldu egin ditu duela urtebete eginiko iragarpenak, baina batez besteko aurreikuspenik handiena da harena, eta mezurik baikorrena.

«Guk ere ezusteko gozoa hartu genuen gure kide diren enpresei eginiko inkesten emaitza jaso genuenean», azaldu du Jose Angel Corres Ganberako presidenteak. Are gehiago, haren arabera, langabeziak behera egiten jarraituko du Bizkaian: «Urteko lehen hiruhilekoan %9,55ekoa zen, eta urte amaierarako %9aren inguruan egotea espero dugu».

Ikerketaren baikortasuna ez da hor amaitzen. Izan ere, enpresen %90ek uste dute enpleguan egonkortasuna egongo dela bigarren seihilekoan; %75ek, ekoizpenean; %65ek, salmentetan; eta %62k, esportazioetan. Era berean ia guztiek onartu dute ekoizpen gastuak handitu zaizkiela, eta %64k igoera hori haien produktuaren salneurrira eraman ahal izan dute.

Corresek, baina, argi utzi du enpresek «arazo handia» dutela inflazioarekin, eta euroa hain ahul egotea arazo handia dela ia lehengai guztiak kanpotik ekarri behar dituen ekonomia batentzat. «Enpresen %76rentzat lehengaien eta energiaren prezioa da buruhauste nagusia», zehaztu du. Era berean, baina, nabarmendu du desoreka hori aproposa dela esportazioak bultzatzeko.

Corresek ez du jarraituko

Jose Angel Corresek Ganberako presidente izateari utziko dio urrian. 2010az geroztik dago karguan, eta baieztatu du ez dela aurkeztuko hurrengo hautatze prozesura. 63 urte ditu, ekonomialaria da, aurretik Bilboko Portuko Agintaritzako presidentea izan zen, eta Athleticen eta Euskaltelen zuzendaritza organoetan egondakoa da. Kargurako hauteskundeak urriaren 20an egingo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.