Bizkaiko Aldundiak teknologia kuantikorako zentro bat irekiko du EHUren Leioako campusean

Biqain aurkeztu dute, Bizkaiko Foru Aldundiak teknologia kuantikoen arloan garatuko duen estrategia. Helburua da «Bizkaiak teknologia kuantikoan nazioartean duen lidergoa sendotzea».

Lantik elkarteko Valentin Garcia, robot batekin, Biqain estrategiaren aurkezpenean. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Lantik elkarteko Valentin Garcia, robot batekin, Biqain estrategiaren aurkezpenean. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
gotzon hermosilla
2024ko irailaren 17a
15:00
Entzun

Bizkaiko Foru Aldundiak Biqain Bizkaia Quantum Advanced Industries izeneko estrategia aurkeztu du, azken hiru urteotan teknologia kuantikoen arloan egindako lanari segida emateko. Batez ere, teknologia horien «aplikagarritasuna» sustatuko dute, enpresei eta ekonomiari ekarri ahal dizkieten onurak bilatzeko, eta «Bizkaiak alor horretan duen lidergoa sendotzeko asmoz», Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek azaldu duenez. Estrategia horren harira, zentro bat irekiko dute Leioan (Bizkaia), «teknologia kuantikoaren arloan Bizkaian dagoen ezagutza guztia biltzeko».

Gune hori EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen campusean dagoen teknologia parkean kokatuko dute; zehazki, bertako Maria Goyri eraikinean. Han egongo dira EHUren laborategi kuantikoak, Lantik eta Tecnalia zentroen zientzia kuantikoaren adarrak, eta Bizkaian dauden alor horretako start-up edo enpresa hasiberriak. Zentroak hamabi plataforma kuantikotarako sarbidea izango du.

15

Bizkaiko start-up kuantikoak. Teknologia kuantikoaren alorrean lan egiten duten hamabost enpresa berri daude Bizkaian, horietako batzuk munduko beste zenbait lekutatik etorriak eta Bizkaian kokatuak. Denak Leioako zentro berrira eramango dituzte. 2021ean, ezaugarri horietako enpresa bakarra zegoen Bizkaian.

Lantik elkarteko Berrikuntza zuzendari Valentin Garciak azaldu duenez, estrategia berria ez da hutsetik abiatzen. 2021ean egin zuten Quantum Now lehenengo azoka BEC erakustazokan, eta geroztik lanean aritu dira teknologia kuantikoen arloan ekosistema bat sortu eta elikatzeko.

Administrazio publikoez gain, unibertsitateek, teknologia zentroek, nazioarteko zein Euskal Herriko enpresek eta beste zenbait eragilek osatu dute ekosistema hori. «Produkzio sektore berri bat sortu dugu, eskaintza sortu dugu, eta, orain, eskaria indartzea da gure asmoa», esan du Garciak.

Aitzindaria sektorean

Garciaren arabera, hiru urteotan egindako lanak aukera eman dio Bizkaiari «aitzindaritza» eskuratzeko teknologia kuantikoaren aplikazioaren arloan. Adibide bat eman du: ordenagailu kuantikoen alorrean, zerbitzu hori eskaintzen duten enpresek nork bere sistema propioa erabiltzen dute, eta oraindik ez dago argi etorkizunean horietako zein gailenduko den, apur bat 1980ko hamarkadan etxeko bideo irakurgailuen teknologiarekin gertatu zen moduan.

Garciak esan duenez, gaur egun Bizkaiak sarbidea dauka ordenagailu kuantikoen merkatuan dauden sistema guztietara, zein gailenduko den ikusi bitartean. «Seguru asko, munduan leku bakarra gara ezaugarri hori duena», erantsi du.

«Produkzio sektore berri bat sortu dugu, eskaintza sortu dugu, eta, orain, eskaria indartzea da gure asmoa»VALENTIN GARCIALantik elkarteko berrikuntza zuzendaria

Teknologia kuantikoek aplikazioa izan dezakete gizartearen eta ekonomiaren alor ia guztietan: autogintzan, energiaren arloan, komunikazioen segurtasunean, osasungintzan eta abarretan. Biqain estrategiaren bidez, alor horietako eragile nagusiak erakarri, teknologia kuantikoaren onurez jabearazi eta dauzkaten beharrei erantzutea da xedeetako bat.

Garciak iragarri du hilabete barru topaketa bat antolatuko dutela finantza arloko entitate garrantzitsuenekin horretaz aritzeko. Urtea amaitu aurretik antzeko beste topaketa bat egin nahi dute energia alorreko eragileekin, baina horretarako, oraingoz, ez dute datarik ezarri.

Basque Quantumen barruan

Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak sustatzen duen Basque Quantum programarekin uztartzen da orain Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztu duen estrategia berria. «Gu Basque Quantum gara», esan du Garciak. Programa horren barruan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeak urratsak egiten ari dira teknologia berri horietan bidea urratzeko.

Gipuzkoak ere Gipuzkoa Quantum Hub izeneko estrategia aurkeztu zuen joan den ekainean: horren atalik ikusgarriena izango da Donostiako Ibaetako campusean ezarri nahi duten azken belaunaldiko ordenagailu kuantikoa, IBM enpresaren eskutik. Horretarako lanak 2025eko ekainerako amaitzea espero dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.