Produktu kimikoak alde batera utzi ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, eta osagai naturalekin egindako bat erabiliko du pinuen xingola marroiaren gaixotasuna tratatzeko. Arratia-Nerbioi eta Durangaldeko 4.000 hektarea pinurekin hasiko da, ekainaren amaieran eta uztailaren erdialdearen artean, eguraldiaren arabera. Helikopteroen bitartez zabalduko dute produktua.
Zehaztu dutenez, osagai naturalekin egindako produktu bioestimulatzaile bat da; hau da, zuhaitzak indartsuago eta erresistenteago egitea da helburua, eta ez zuzenean xingola marroia eragiten duen onddoa botikekin hiltzea. Neiker ikerketa zentroak iaz aztertu eta probatu zuen produktua. Egiaztatu dutenez, ez du kalterik eragiten ingurumenean. Produktu hori nekazaritza ekologikoan erabiltzeko baimenduta dago.
Xingola marroia eta xingola gorria koniferoak hiltzeraino ahultzen dituzten gaixotasunak dira, onddoek eragindakoak. Ez dira berriak Euskal Herrian, baina azken urteetan, eguraldiak lagunduta, gogor jo dituzte intsinis pinudiak Bizkaian, Gipuzkoan, eta Arabako eta Nafarroako iparraldean. Xingolaren agerpenak bizkortu egin du pinudien mozketa. Bizkaian eta Aiaraldean batez ere, eukaliptoak hartu du pinuak galdutako lurraldearen zati handi bat.