Bigarren aldiz, Bizkaiko Foru Aldundiak Berrikuntza Funtsa eratuko du, lurraldeko enpresa txiki eta ertainek finantzaketa lor dezaten baldintza onuragarrietan, ikerketa, garapen eta berrikuntza proiektuetarako.
Aurreko funtsa 2018. urtean abiatu zen, eta aldundiak jakinarazi du bost urtean 50 milioi euro mobilizatzea lortu dutela haren bidez. 168 enpresa txiki eta ertainek baliatu dute finantzatze bide hori. Orain, bigarren Berrikuntza Funtsaren helburua da lau urtean 70 milioi euro mobilizatzea.
Aurreztaile partikularrek bost urteko epe finkorako 2.500 edo 5.000 euroko ekarpenak egin ahal izango dizkiote urtero funts berriari; interesak, ekarpenen %15, hurrengo urteko errenta aitorpenean ordainduko dira, 750 euroko mugarekin, eta kendu egingo dira PFEZean.
Aldundiak bultzatutako funtsa Solventis finantza erakundeak kudeatuko du, eta Elkargi izango da berme emailea. Finantza bitartekaritzan, berriz, zazpi finantza erakunde ariko dira: Sabadell, Santander, BBVA, Caixabank, Kutxabank, Laboral Kutxa eta Rural Kutxa.