Koronabirusa

Bizitzeko gutxieneko errentaren eskualdaketa hitzartu du EAJk

Muturreko pobrezia murrizteko xedez, Espainiako Gobernuak bihar onartuko du bizitzeko gutxieneko diru sarrera berria. Xedapen gehigarri batek jasoko du hitzartutako «salbuespena»

Bizitzeko gutxieneko errentaren eskualdaketa hitzartu du EAJk.
Irune Lasa.
2020ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Erantzuna iritsi da bizitzeko gutxieneko diru sarreraren inguruko galdera nagusietako batentzat. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kudeatuko duteHego Euskal Herrian, eskumen horren transferentzia adostu zutelako atzo EAJk eta Espainiako Gobernuak. Bizitzeko gutxieneko diru sarrera, Espainian estatu mailan inoiz ezarriko den lehen gutxieneko errenta, bihar du onartzekoa Ministroen Kontseiluak, eta dekretuak xedapen gehigarri batean jasoko du Hego Euskal Herrirako salbuespena, atzo Carmen Calvo Espainiako presidenteordeak eta EAJko presidenteak, Andoni Ortuzarrek, sinatutakoa.

Datorren urriaren amaierarako egon beharko du Hegoaldeko bi gobernuen eskuetan kudeaketa eskumenak, baina praktikan, hitzarmen baten bidez, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak hasiera-hasieratik hartuko dute kudeaketa beren gain,

Izan ere, errealitatean, errenta bermatuaren eta diru sarrerak bermatzeko errentaren onuradunentzat ez da aldaketa handirik izango. Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak jada aurreko asteetan argitu zuen bizitzeko gutxieneko diru sarrera oinarri bat izango dela, eta dagoeneko erkidegoetan existitzen diren gutxieneko errentak hura osatzera bideratu daitezkeela. Alegia, Gizarte Segurantzaren kontura joango litzateke oinarri hori, eta gelditzen den osagarria erkidegoen kontura.

Dena den, osagarritasunaren gaia ez zen horren sinplea izan hasieran. Diru sarrera berria mahai gainean ezarri zenetik, behintzat, ez zegoen argi zer gertatzen zen erkidegoetako errentekin eta haientzako diruekin. Proposamenean dirua eta kudeaketa Gizarte Segurantzaren esku izateak ziurgabetasun hori areagotzen zuen, eta baita zentralizazioaren beldurra eragin ere zenbait erkidegotan.

Krisia aurrez aurre

Gobernua osatu zenean beste erritmo batzuk aurreikusten ziren bizitzeko gutxieneko diru sarrerarentzat. Esaterako, asmoa zen neurri soziala dekretuz onartzea, eta ondorengo fase batean lantzea haren erregulazioa. Baina, koronabirusaren ondorioek eta krisiak, ezinbestez, areagotu egin dute Espainian muturreko pobrezia murrizteko halako errenta baten beharra, eta, horren ondorioz —edo beharbada aukera baliatuz—, bizkortu egin dute errenta berria onartzea.

Baina zehaztasuna falta zen, batez ere dagoeneko existitzen diren gutxieneko errentei buruz.Hedabideen filtrazioek eta Escriva ministroaren adierazpenek argi gutxi ekarri zuten, nahiz eta azkenean ministroak zehaztu diru sarrera berria ez zela aurreko errenten osagarri izango, baizik eta alderantziz.

Zehaztasunen gabezia hor zegoen oraindik aste hasieran. Sanchezen gobernuak iragarri zuen errenta berria astearteko Ministroen Kontseiluan onartuko zela; Madrilgo berripaperek zenbatekoak argitaratu zituzten bezperan. Eta onarpena atzeratu egin zen biharko Ministroen Kontseilu berezira.

Bi kontseiluen artean etorri da transferentziarako sinadura. Eta galdera handi horietako baten erantzuna. Hala ere, oraindik beste hainbat gelditzen dira erantzuteko: zenbat diru jarriko du gobernu bakoitzak? Baldintza berak, diru sarrera eta ondare muga berak izango al dira oinarriarentzat eta osagarriarentzat?

Zehaztapen horietako batzuk biharko dekretuan ezagutuko direla esplikatu zuen atzo Aitor Estebanek, EAJk Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak. Alderdiaren helburua «estatuaren laguntza» DSBEarekin eta errenta bermatuarekin «uztartzea» izan dela esan zuen, eta ziurtatzea bi euskal errenten onuradunek ez zutela laguntza txikiagoa jasoko, «bizitzeko gutxieneko diru sarreraren zenbatekoa nabarmen txikiagoak direlako».

EAJk argi dauka transferentziaren logika zein den. «Errenta eta ondarea dira diru sarrera berriaren baldintzak, eta hemen datu horiek foru ogasunek dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.