Biurtekoa «inflexio puntu» izango dela uste du makina-erremintaren klusterrak

Urte hasiera motelaren ondoren, azoka nola joan den ikusita baikor dago sektorea. 2026ko azoka martxora aurreratu dute antolatzaileak.

Makina-erremintaren Biurteko azokako erakustokietako bat. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Makina-erremintaren Biurteko azokako erakustokietako bat. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko ekainaren 7a
13:00
Entzun

Makina-erremintaren 32. BIEMH azoka «inoizko onenetakoa» izan dela uste du AFM sektoreko klusterrak. Jose Perez Berdud presidenteak azaldu duenez, espero baino nazioarteko bisitari gehiago joan dira BECera, eta haien «kalitatea» nabarmendu du. Azokan ikusitakoak baikortasuna zabaldu du sektorean, eta sinetsita daude urte hasiera motelari amaiera jarriko dion «inflexio puntua» izango dela.

«Gustura gaude, batez ere bisitarien kalitatearengatik. Espero baino bisitari gehiago etorri dira nazioartetik».

 JOSE PEREZ BERDUDAFM klusterreko presidentea

Makina-erremintaren sektorea pattal hasi zen aurten. Iaz %12ko eskari igoera izan, eta, «inportazio eta esportazio marka guztiak hautsi ondoren», aurtengo lehen seihilekoan %4 gutxitu ziren eskariak. Datua ez da larria, baina joera bat markatuko ote zuen beldur ziren ekoizleak. alde horretatik, aurtengo Biurtekoa garai aproposean iritsi zen, bezeroak erakarri eta bigarren seihilekora begira suspertzeko garaiz, eta, AFMren arabera, lortu da helburu hori.

Bost egun hauetan —azoka ez da oraindik amaitu, baina erdiko hirurak dira negozio jardun handiena dutenak— 38.000 bisitari igaro dira azokatik. Perez Berdudek, baina, nabarmendu du kopuruari baino gehiago haien profilari erreparatu behar zaiola: «Gustura gaude, batez ere bisitarien kalitatearengatik. Espero baino bisitari gehiago etorri dira nazioartetik. Azoka bikaina izan da, eta inflexio puntu itxaropentsu bat izango dela uste dugu». BEC erakustazokaren datuen arabera, bisitarien %46 «Euskaditik kanpokoak» izan dira.

Makina-erremintaren Biurtekoaren azoka
Beso mekaniko bat garagardo bat zerbitzatzen, Biurtekoaren erakustokietako batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Biurtekoan, Mexiko izan da herrialde gonbidatua, eta hango 70 konpainiatako ordezkariak egon dira azokan. Gaur egun, sektoreko euskal enpresen eroslerik handienetan laugarrena da, eta bigarrena eskari berrien zerrendan. Azokan erakustokia izan duten enpresariek nabarmendu dute Amerikako merkatua eta aeronautika sektorea daudela indartsuen; Europa eta autogintza, aldiz, pattal dabiltza haien esanetan, eta horiek omen dira urte hasiera motelaren erantzuleak.

Biurtekoa ez da amaitu, baina antolatzaileak hurrengora begira daude dagoeneko, eta jakinarazi dute 2025eko martxoaren 2tik 5era antolatuko dela. Jatorrira itzultzea izango da hori, lehen aldietan martxoan antolatu baitzen. BECentzat ere garai hobeak dira: Biurtekoak sei astez betetzen du erakustazoka osoa, eta udaberri amaieran errazagoa da beste tankera bateko ekitaldiak erakartzea negu amaieran baino.

Makina-erremintaren Biurtekoaren azoka.
Hiru beso mekaniko txalaparta jotzen, Biurtekoaren irekiera ekitaldian. LUIS TEJIDO / EFE.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.