Bitcoin kriptomoneta

Bitcoina, lurrazpitik zerura berriz

2023 hasieran halako lau balio du gaur egun kriptodirurik ezagunenak. AEBetako burtsan bitcoinari lotutako funtsak baimentzeak eman dio bultzada.

Bitcoinaren 2023ko konferentzia, Miamin. CRISTOBAL HERRERA / EFE
Bitcoinaren 2023ko konferentzia, Miamin. CRISTOBAL HERRERA / EFE
pettan uralde
2024ko martxoaren 15a
16:00
Entzun

Urtebete asko da finantzaren munduan. Adierazpen hori bete-betean dagokio kriptodiruen munduari, izatez baitira produktu oso gorabeheratsuak. Adibide garbirik behar bada, ikusi besterik ez dago zer gertatzen ari zaion diru birtualik ezagunenari, bitcoinari. 2022an eta 2023 hasieran haren hondoratzeak lerroburuak bete zituen, baina oraingoan kontrako arrazoiengatik azaldu da: atzo ia 74.000 dolarrean salerosi zen, inoizko mailarik handienean. Egun pattalagoa izan du gaur, 67.000 dolarrera jaitsi baita.

Aurreko marka 2021eko azarokoa zen, orduan 68.991 dolarrera iritsi baitzen haren kotizazioa. Baina txirrindularitzan bezala, igoera bati jaitsiera batek jarraitu zion, eta, bitcoinarena, luzea eta tentea izan zen: 2023ko urtarrilean, 16.000 dolarrera jaitsi zen haren balioa. Hondoa jo ondoren, berriro gorantz egiten hasi zen, poliki hasieran, baina ziztu bizian azken hilabete eta erdian —%50 egin du gora—.

Analisten arabera, bitcoinaren goranzko joerak AEBetako burtsako ikuskatzailearen (SEC) urtarrilaren hasierako erabakian du jatorria, hau da, kriptodiru horren prezioari lotutako funts kotizatuak (ETF) sortzeko baimena ematean. Horrek bitcoinetan inbertitzeko atea ireki die funts kudeatzaile handiei, pentsio funtsei eta funts subiranoei. Orain arte, nagusiki kriptodiruen sektoreko txikizkako bezeroek eta bertako enpresek egin izan dute apustu bitcoinaren alde.

'Halving'-a

Kriptodibisaren bultzada handiaren beste faktoreetako bat apirilerako aurreikusitako halving edo erdibitzea da. Bitcoina diru digitala bada ere, ezin da amaigabe sortu, eta haren eskasia egiaztagarria funtsezkoa da bere balio proposamenerako. Lau urtean behin, gutxi gorabehera, bitcoinak sortzeak dakarren dirua erdira murrizten da. Horrek esan nahi du bitcoin meatzariek jasoko duten saria %50 murrizten dela, eta horrek eragin zuzena duela zirkulazioan bitcoin berriak sartzeko erritmoan; diruaren sorrera murrizten dela, alegia. Historikoki, halving baten ondoren, bitcoinaren balioa handitu egin da. Oraingoi honetan, analistak nabarmentzen ari dira goranzko eskaria eta eskaintza txikiagoa uztartuko direla, eta horrek prezioen igoera ekarriko duela.

Hala ere, sektoreko iturriek aitortu dute aldakortasun uneak erregistratu ahal izango direla; izan ere, litekeena da inbertitzaile batzuek txanpona saltzea mozkinak jasotzeko.

Luzera begira zer gertatuko den esatea ez dago garbi. Simon Peters eToro finantza zerbitzuen konpainiako analistaren ustez, bitcoinaren prezioari lotutako funts kotizatuak sortzeak egungo «joera gorabeheratsu hori geldiaraz lezake». Joaquin Robles XTB plataformako analistak ere aldaketak espero ditu: «Geure buruari egin behar diogun galdera da ea orain arteko zikloekin alderatuta desberdina izango den, non prezioen leherketa bat egon den, eta gero %60 edo %70 edo gehiagoko beherakadak izan diren. Nire ustez, ziurrenik ez da modu berean errepikatuko, eta beste jokabide bat ikusiko dugu, igoera izugarria izan arren», adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.