Txinan ia ez dira txanponak eta billeteak ukitzen. Sakelako telefonoetarako QR kodea bihurtu da ordaintzeko modu nagusia, Alipay, Wechat eta beste aplikazio batzuen bidez. Ia 800 milioi pertsonak erabiltzen dituzte. 2018an, hiriguneetako transakzio guztien % 83 egin ziren hala, eta eskudirua bazterreko zerbait bihurtuko da aurten. Ordainketa mugikorreko sistemak, halaber, urrezko arrautza bihurtu dira Alibaba eta Tencent Interneteko erraldoientzat: hamazazpi bilioi dolarreko merkatuaren %90etik gorako kuota hartzen dute.Apple Payk eta Union Payk apurren alde borrokatu behar dute.
Ordainketa elektronikoak herrialdean oso barneratuta daudela aprobetxatuz, Txinako Herri Bankuak urratsa egin du, eta munduko lehena bihurtu da Blockchainen eta teknologia kriptografikoan oinarritutako dibisa digital subirano bat garatzen. Hala ere, kriptomoneta gehienen (Bitcoin) kontrako helburua izango du: harekin egindako eragiketa guztiak arakatzeko balioko du, eta gobernuari emango dio informazio guztia.
Helburu ofiziala da kapital ihesaren, diru garbiketaren eta espekulazioaren aurka egitea, baina baita Txinako dirua nazioartekotzea dolar estatubatuarraren aurrean, eta finantza transakzioetan txipen eta Swiften mendekotasuna murriztea ere —AEBek kontrolatzen dituzte mekanismo horiek—. «Dolarren likidazioa egiteko egun dagoen sistemaren alternatiba praktiko bat da dibisa digital subirano bat sortzea, eta herrialde horren [AEBen] isunen edo bazterketa mehatxuen eraginetik babesten zaitu», argudiatu du China Daily egunkari ofizialak.
Bi superpotentzien tentsio une honetan, Txinako hedabide batzuek uste dute dibisa digital berria «hirugarren olatu» bat izango dela AEBen kontrako borrokan. Izan ere, Pekinek salatu duFacebooken libra diruak eta haren moduko proiektuek herrialdeen subiranotasunaren aurka egiten dutela; horregatik, kriptomoneta guztiak debekatu dituzte Txinan. «Imajinatu zirkulazioa onartzen dugula eta Facebookeko dirua yuanetan eros daitekeela. Horrek diru aldaketa handia eragingo luke, eta, azkenean, yuanak balioa galduko luke», azaldu du Mu Changchun banku zentraleko Dibisa Digitalen Institutuko buruak. Herrialdeko agintariek uste dute dibisa digitalak estatuek bakarrik egin beharko lituzketela.
Haiena, Ordainketa Elektronikoetarako Diru Digitala (DCEP, ingelesezko siglengatik) izenekoa, maiatzean hasi ziren erabiltzen hainbat hiritan abiarazitako proiektu pilotu batean, eta herrialdeko eta nazioarteko hainbat enpresaren laguntzarekin. Suzhou hirian, adibidez, gobernuak dibisa digital berriaren bidez ordainduko dizkie funtzionarioei garraiorako jasotzen dituzten diru laguntzen erdiak, eta Xiong'anen, Pekindik gertu sortutako zentro teknologiko berrian, ostalaritzako multinazionalek onartuko dute.
Diru «politiko» bat
Paperezko diruarekin eta txanponekin egiten den bezala, DCEPa banku komertzial nagusiek jartzen dute zirkulazioan — Txinan, publikoak dira—; erabiltzaileek euren diru zorro elektronikoetan gordetzen dute, eta transakzioak egiteko erabil ditzakete, baita Internetera konektatuta ez daudenean ere. Interfazea, Txinako Nekazaritza Bankuak martxan jarri duen beta bertsioan behintzat, ordainketa mugikor komertzialen aplikazioen oso antzekoa da, eta, beraz, adopzio errazekoa. Transakzioak itxi daitezke QR kodeak eskaneatuz, eta NFC txipa erabiliz, kontakturik gabeko ordainketetarako.
«Erabiltzailearen ikuspuntutik alde handirik ez dago. Aldaketa garrantzitsuena banku zentralak gainbegiratzearen ikuspegitik etorri da, eta ordainketa, negozio eta gobernantza sozialerako moduen etorkizunari begira», adierazi zuen Xu Yuan Peking Universityko irakasleak CCTV telebistari emandako elkarrizketa batean. «Teorian, dibisa digitalarekin bankuak alde batera utz litezke. Baina proiektu hori, teknologikoa baino gehiago, politikoa da», gaineratu zuen Union Payko langile batek.
Alipay eta Wechat zerbitzuetatiko desberdintasunen artean dago gordailuetarako ez dela banku komertzialik erabiltzen, banku zentrala bera baizik —erabiltzaileak ez du zertan kontu korronte batekin erregistratu—; beraz, teorian behintzat, ez litzateke komisiorik egongo ordainketetan. Gainera, DCEPa zirkulazioan dagoen diruaren (M0) baliokidea da, eta horrekin egiten diren transakzioak banku zentralak bakarrik gainbegiratzen ditu. Oraindik ez dago zehaztuta diru berria modu ofizialean eta herrialde osoan noiz jaulki duten, baina ordutik aurrera ezin izango da atzera bota ordaintzeko modu gisa.
Gobernuaren zaintzapean
«Badirudi eskudiruaren amai-eraren hasiera dela. Ondo iruditzen zait Txina kriptomoneten mehatxuen aurrean blindatzea, askotan delitu ekonomikoak egiteko erabiltzen baitira, baina pribatutasuna amaitu ahal izateak ere kezkatzen nau, baita gobernuak gure ohitura guztien berri izateak ere», adierazi du Lin Weik, Jiaotongeko Unibertsitateko ekonomiako ikasleak.
Txina ez da dibisa digital subiranoak garatzen ari den bakarra—Japonia ere aztertzen ari da—,baina Pekinek urrats garrantzitsua egingo du lortzen badu DCEPa sartzea bere proiektu global handietan, hala nola Zetaren Bide Berrian. Herrialde ugarik, batez ere garapen bidean direnek, DCEPa hartzen badute, dolar estatubatuarrak kolpe latza hartuko du dibisa hegemoniko gisa, eta Txinari planetan egiten diren transakzio guztiei buruzko datu kopuru izugarria emango dio.
Bitcoin txinatarra
Txinako Gobernuak DCEP kriptodirua atera du, baina halako monetek duten helburuaren kontrakoarekin: harekin egiten diren transakzio guztien datuak bilduko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu