Koronabirusa

Bio zigiluaren balio erantsia

Maskaren ekoizpenean erreferentzia bihurtu da Euskal Herria, baina laborategian ere ari dira birusaren aurka biozientziaren esparruan jarduten duten euskal enpresak

Laborategia. Lan eskerga egiten ari dira zientzialariak birusa menderatzeko. S. MOREIRA / EFE.
xabier martin
2020ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Pandemiak utzitako lezioen artean bada bat aldiro-aldiro errepikatzen dena: medikuntza zientziaren alorreko ikerketan burujabeago izan behar da. Bio sektoreari begira jarri da asko,arreta laborategietan jarrita, haiek baitira COVID-19aren amesgaiztoa atzean uzteko esperantzarik handiena. Txertoaren lasterketa martxan da mundu zabalean, eta azken egunetan albiste onak iritsi dira zientzialariak hainbat oztopo gainditzen ari direlako. Gainera, laborategietan ikertzen ari dira botika berriak birus kutsakorrari aurre egiteko, gizakiaren babes sisteman eraginez, adibidez. Zenbateko osasuna dauka, ordea, bio esparruak Euskal Herrian?

Basque Health Center klusterreko zuzendari Maria Pascual de Zuluetak uste du osasuntsu dagoela, oro har, eta hainbat alorretan giharra atera dezakeela, baina baita aurrerapauso bat emateko garaia duela ere. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 70 bat konpainia biltzen ditu egitasmo pribatu eta publikoko kluster horrek, baita hogei ikerketa zentro, lau unibertsitate eta sei ospitale ere.

Bio markapeko hainbat enpresa sendo azaltzen dira balio erantsi handia banderatzat duen talde horretan. Eta horietako batzuk COVID-19aren aurkako borrokan ari dira azken hilabetean. Osasen enpresak, adibidez, gaixotasunen markagailuak atzemateko eta monitorizatzeko PoC sistemak garatzen ditu, eta birusa fase goiztiarrean atzemateko tresna bat lantzen ari da.

Biomedikuntzaren eta bioteknologiaren esparruan beste izen ezagun batzuk agertzen dira birusarekin lotutako zereginetan: esaterako, Progenika Biofarma, molekulen biologian aitzindari den enpresa. TMA teknologiaren bidez, diagnostiko metodo batean ari da; PCR probak duen bezainbesteko fidagarritasuna izango luke Progenikarenak. Grifols matrizearen proiektuan parte hartzen ari da, kiten alorrean.

Bizkaiko Histocell, berriz, HC016 zelula botikarekin proba klinikoak egiten dabil SDRA biriken gaitza duten gaixoekin; hori da koronabirusak eragiten duen arazorik larriena gaixoetan. Erietxeetan bukatzen duten gaixo larrien %40k garatzen dute, eta horien artean larrienak hil egiten dira. Bestalde, Viralgen farmazia laborategia gene terapian espezializaturik dago, eta hura ere birusaren aurkako borrokan ari da. Herritarren monitorizazio eraginkor bat lortu nahi du, arazoari bere osotasunean ekiteko.

Birus zehatz horretatik harago, ordea, jarduera bizia dago sektorean. Farmaziaren esparruan Faes Farma azpimarratu behar da, garapen bioteknologikorako duen ahalmenarengatik. Botikak ikertu, ekoitzi eta merkaturatzen ditu 60 herrialderako. Nafarroako Cinfa ere neurri handiko farmazia konpainia bat da, botika ezagun askoren banatzailea.

Euskal kapitala duen beste bat da Praxis Pharmaceutical, erreferentea esparru jakin batzuetan. Badira Euskal Herrian kokatutako multinazional atzerritarrak ere: adibidez, BIAL; alergien adarraren bikaintasun zentroa zabaldu du Bizkaian. Beste hainbat eta hainbat aipa daitezke, dena den: AJL Oftalmics, Noray Biosciences taldea, BTI-Biotechnological Institute...

Maskaren negozioa

Laborategian, molekulekin eta zientzia ikerketa eginez aritzen direnez gain, Basque Health Clusterren badira industriaren beste alor batean jarduten dutenak ere, babes materiala egiten dutenak hain zuzen: esaterako, Bexen Medical eta Nueva Sibol enpresak. Eta, hain zuzen, enpresa horiek dira lehen lerroan jarri direnak pandemiari aurre egiten, nahiz eta horretarako pipetak eta mikroskopioak behar ez dituzten.

Behar-beharrezkoa bihurtu da maskara pertsonen egunerokoan; are gehiago, espazio publikoetan ere derrigortu dituztenetik. Garraioan eta saltokietan eraman behar dira nahitaez, eta, segurtasun tarteei eusteko ezintasuna dagoenean, baita kalean ere. Orain aste batzuk, osasun agintariek esan zuten maskarak ez zirela beharrezkoak, oro har, hala Madrilen nola Gasteizen eta Iruñean. Orduan, ez zen batere erraza maskarak lortzea. Izan ere, ez zegoen ekoizpen nahikorik herrialde guztien beharrei erantzuteko. Eta babes neurri horien hornidura bermatzeko martxan jarri dituzte Euskal Herrian hainbat ekoizpen lerro. Hainbeste jarri dira, euskal industria sektorearen erreferentziazko gune bat bihurtuko baita luze gabe Europan.

Ekoizpen horretan buru-belarri dabiltzan enpresak, Bexen Medicalek eta Nueva Sibolek, batik bat, kopuruan oinarritu dute beren errentagarritasuna. Paradoxa da: bio sektorea, hain zuzen, kontrako bidean aritzen da, balio erantsi handiko produktuak ikertzen, ekoizten eta merkaturatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.