Mahats bilketa

Bilketan egingo diren kontratazioen berri emateko agindua dauka sektoreak

Eusko Jaurlaritzak sasoikako langileen kontratazioa adierazteko betebeharra ezarri du, langileen kopurua eta haien bizilekua ezagutzeko; PCR probak egin beharko balira, beharrezkoa da informazio hori.

Mahats biltzaileak iazko bilketa egiten, Bastidan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
xabier martin
2020ko abuztuaren 27a
10:37
Entzun

Mahats bilketa eta patataren uzta jasotzea abiatuko dira irailean, eta nekazaritzako sasoikako langile asko etorriko dira, Arabara batik bat, Gasteizko gobernuaren eskumeneko lurraldeei dagokienez. Bada, administrazio horrek eta lehen sektoreak prebentzio neurri espezifikoak hartzea erabaki dute, COVID-19arekin kutsatzeko arriskua murrizteko. Bilketa horiek egin egingo direla bermatu nahi dute. Horregatik, Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako Sailak ezinbestekotzat jo du sasoikako lan eskariaren aurreikuspenak xehetasun handiagoz ezagutzea; helburua da «egin beharreko osasun probak (PCRak...) egoki kudeatzea».

Horiek horrela, Osalanek protokolo zehatz bat garatu du bilketen jarduera arautzeko, «COVID-19ari eraginkortasun handiagoz aurre egiteko». Sasoikako langileak kontratatuko dituzten nekazaritza enpresetan ezarri beharreko jardunbidea zehazten du. «Bidenabar, langileei emandako bizitokietan ere langileen artean COVID-19ak eragindako transmisioa eta infekzioa prebenitzeko baliagarria izango da». Eskaera zehatz bat da protokolo horren funtsa, nolanahi ere: indarrean dauden kontratazioak eta langileak kontratatzeko aurreikuspenak adierazteko betebeharra dute enpresek, upategiek kasu gehienetan, kontratazioak zuzenean edo enpresa bitartekarien bidez eginda ere.

Bada, langileek 2020ko nekazaritza kanpainetan duten enpleguari buruzko erantzukizunpeko adierazpenak egin beharko dituzte, eta gutxienez zazpi egun balioduneko epean jakinarazi beharko dituzte, Jaurlaritzaren agindu hori argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; alegia, abuztuaren 31etik irailaren 8 arteko epea dago. Informazio hori aurrez aurre edo elektronikoki aurkeztuko da, eta web helbide honetan eskuratu ahal izango da. Aurrez aurre eginez gero, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira zuzenean adierazpenak.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.