Industriako zenbait sektoreren egoera kezkagarria dela iritzita, neurriak hartu behar direlakoan dago EH Bildu, eta Eusko Jaurlaritzari «jarrera proaktiboa» izateko eskatu dio. Bide horretan, koalizioak lege proposamen bat aurkeztu du gaur Eusko Legebiltzarrean: Industria Politikaren Diseinurako Herri Kontseilu bat sortzea proposatu du.
Pello Otxandiano eta Ander Goikoetxea legebiltzarkideek eman dituzte azalpenak. Kontseilu horren xedea zera litzateke, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako politika industrial «argi» bat diseinatzea, «ikuspuntu parte hartzaile batetik eta epe luzerako», proposamen zehatzak eginda.
«Ezin dugu inprobisatzen jarraitu orain, gure industriaren bideragarritasuna jokoan baitago»
PELLO OTXANDIANO EH Bilduko eleduna
Kontseilu horretan ordezkaritza izango lukete Jaurlaritzak, enpresen klusterrek, enpresa txiki eta ertainen ordezkariek, enpresarien elkarteek, sindikatuek, kooperatibek, unibertsitateek, ikerketa zentroek eta eskualdeen garapenerako agentziek. Kontseiluak aditu talde baten laguntza izango luke, eta aditu horiek hamar urterako industria plan bat diseinatuko dute.
Otxandianok azaldu duenez, mota horretako eragile bat sortzea garrantzitsua da industriako zenbait sektorek dituzten kezkei aurre egiteko. Bi kasu aipatu ditu: Guardianena —enpresak iragarria du Laudioko lantegia (Araba) itxiko duela—, eta Talgorena —salmenta prozesu betean dago—. Azken horri buruz, argi utzi du Sidenorrek trengilea erostearen alde daudela, «garrantzitsua baita Talgoren tamainako konpainia bat hein batean euskal kapitalaren kontrolpekoa izatea».
Jarrera proaktiboa
EH Bilduren iritziz, enpresa horietan gertatzen ari denak argi erakusten du Jaurlaritzak aurrerapauso bat eman behar duela industria politikan. Talgori dagokionez, berandu iritsi izana egotzi dio, «erreakzionatzeko aukerak oso urriak direnean».
Horri lotuta, Otxandianok esan du «geroz eta kezkagarriagoa» dela nazioarteko testuinguru geopolitikoa, besteak beste, AEB Ameriketako Estatu Batuek iragarri dituzten muga zergengatik eta Alemaniako industria krisiagatik. «Euskadik ezagutza eta gaitasun nahikoa ditu bere ehun industrialean politika propioa diseinatzeko, kanpoko aholkularitza enpresen mende egon gabe», azpimarratu du eledunak: «Ezin dugu inprobisatzen jarraitu orain, gure industriaren bideragarritasuna jokoan baitago».
Armagintzari emandako babesa gaitzetsi du
Zeresana ematen ari diren sektoreetako bat armagintzarena da, eta Otxandianok gaitzetsi egin du Mikel Torres lehendakariordeak hari emandako babesa. Gogorarazi du alor horretako enpresek armak ekoizten dituztela «azkenean gizarte zibilaren aurkako genozidio bihurtzen diren gerretarako». Horregatik, esan du barrenak mugitzen dizkiola elite politikoek eta ekonomikoek armagintzaren industria «horren erraz» babesteak, eta «gizartearentzat erabilgarriak diren sektoreak» sustatzearen alde egin du.