Izarkom Bilbora heldu da

Izarkom telekomunikazio kooperatibak nodo berri bat ireki du Bilbon. 2017an sortu zen, eta Bizkaiko hiriburura zabaldu nahi du jarduna.

IZARKOMEN NODO BERRIA
Urtzi Ugaldek, Zaira Morenok eta Amaia Ocak Izarkomen Bilboko nodoa aurkeztu dute. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
marcos tedin
Bilbo
2023ko azaroaren 23a
17:15
Entzun

«Herritarrentzako proiektua da Izarkom, herritarrek egina». Modu horretan deskribatu du Amaia Oka errektoretza kontseiluko lehendakariak zer den Izarkom irabazi asmorik gabeko telekomunikazio kooperatiba. Internet, zuntz eta sakelako zerbitzuak eskaintzen dituen operadorea da; 2017ko abenduan jaio zen, Irunen (Gipuzkoa), eta Euskal Herri osoan funtzionatzea du helburu. Telekomunikazioen inguruko aholkularitza ere eskaintzen du Izarkomek. Gaur, 3.200 bazkide ditu kooperatibak, eta haien artean daude Euskal Herriko sei udal.

Operadore handiei interesatzen ez zaizkien lekuetara heldu nahi du Izarkomek, herritar guztiek Internet zerbitzuak edukitzeko aukera izan dezaten. Telekomunikazio operadore handientzat interes ekonomikorik ez duten toki ugari daude Euskal Herrian, eta toki horietan —askotan, landa eremuak— eskaintzen ditu zerbitzuak kooperatibak.

Orain, Bilbora heldu da Izarkom. Irunen jaiotako kooperatibak bide bat zabaldu nahi du Bizkaian. Nodo berria aurkezteko agerraldian, Izarkomeko arduradunek ziurtatu dutenez, bermatu nahi dute Euskal Herriko herritar guztiek «Internet izateko eskubidea» dutela. «Beharretara egokitutako zerbitzuak» eskaintzen dituztela adierazi du Okak, eta argi utzi du bai landa eremuetara eta bai hiri handietara heltzeko prest dagoela Izarkom. Hau gaineratu du: «Ez dugu saltzen soilik saltzeagatik: kontsumo arduratsua eta jasangarria bultzatzea da gure helburuetako bat».

Arreta pertsonal eta gertua eskaintzen du Izarkomek, zuzendarien hitzetan. Horrez gain, arreta euskaraz bermatzen dute. «Gure oinarria euskara da», ziurtatu du Okak. Kooperatibak logika horrekin funtzionatzen du. Euskara lehenesten da edozein kasutan, eta frantsesa eta gaztelania bigarren mailako hizkuntzak dira. Lehen hitza beti euskaraz izango dela bermatzen dute, eta kooperatibak egiten dituen komunikazio guztiak euskaraz izango dira. «Euskaraz bizi gara», laburbildu du Okak.

Bilboko Zazpikaleetan ireki berri duten nodoa ez da arretarako bulego soil bat izango. Urtzi Ugalde proiektuko koordinatzaileak azaldu duenez, Goienkaleko 14. zenbakian dagoen lokala sentsibilizaziorako espazioa ere izango da. Komunikazioaren inguruko hitzaldiak, topaguneak eta bestelako ekitaldiak egiteko tokia izango da, eta herritarrentzat zabalik egongo da. Ugalderen hitzetan, «espazio transbertsala» izango da.

Gaur, 20:00etan, nodoaren inaugurazioa egingo dute, ekitaldi batekin. Hainbat artistak parte hartuko dute: Ion Gurrutxagak, Unai Gaztelumendik, Unai Iturriagak, La Basuk eta Ainara Maiak. Jendeak Izarkomen proiektua ezagutzeko topagunea eta jaia izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.