Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak esan dute ez zekitela ezer, baina konpainiak baieztatu egin du berria: gaurtik aurrera "Bilbon eta inguruetan" emango du zerbitzua. UberX aplikazioa erabiliz, ibilgailuak alokatzen ditu, gidari eta guzti.
Taxi gidariek lehia bidegabea dela diote, eta ez daude konforme Uber Bilbon aritzearekin, beraiek galbidean jartzen dituela iritzita. Eusko Jaurlaritzak bilera egin asmo du astelehenean, Taxilarien Euskal Elkartearekin eta VTC lizentziak dituzten gidariekin.
Uberren Espainiako zuzendari Juan Galiardok azaldu duenez, "erkidegoaren epe luzeko aliatu" izan nahi du konpainiak: "Administrazio publikoen eta taxiaren sektorearen eskutik egin nahi dugu lan, hiri bizigarriagoak lortzeko". 20 bat ibilgailu jarri dituzte, eta konpainiak azaldu du, oraingoz, Bilboko hirigunean arituko dela.
Uber ez da edozein unetan iritsi Bilbora. Udala aztertzen ari da taxientzako geolokalizazio sistema bat jartzea, eskari handia dagoen momentuetan jendeak errazago jakiteko zein taxi dauden libre. Uberren aplikazioak ere antzeko sistema batekin funtzionatzen du.
Gehiegizko eskariaren arazo hori noizbehinka soilik gertatzen dela dio udalak, eta halakoak argudio gisa hartuta, libre dituzten egunetan ere lan egiteko "aukera" eman nahi die taxilariei. Horiek biltzen dituzten elkarteekin ari dira neurriok adosten, urte hasieran martxan jartzeko asmoz.
Aspaldiko gatazka
Aspaldikoa da Uberren eta taxilarien arteko gatazka. Espainiako Gobernuak 2018an onartu zuen lege dekretua, eta han onartu zuten aurrerantzean autonomia erkidegoek eta udalek arautuko dituztela VTC lizentziak —lizentzia horiekin egiten dute lan Uberreko gidariek—. Taxi gidarien lizentziak ere erakunde horiek arautzen dituzte, eta, beraz, haiek dute giltza. Espainiako Gobernuak lau urte eman zizkien erakundeei trantsizio hori egiteko.
Taxilariek protestak ere egin zituzten iaz Hego Euskal Herrian. Grebara jo zuten abuztuan, eta azaldu zuten lizentzia garestiak ordaindu behar dituztela beren zerbitzua emateko, eta, hortaz, Uber bezalako enpresek lehia desleiala egiten dietela. Protesta horien ondoren, bilera bat ere egin zuten Uberren arduradunek eta Alfonso Gil Bilboko Udaleko Mugikortasun zinegotziak. Haren ondoren, Gilek adierazi zuen VTC lizentziak "bateragarriak" izan daitezkeela taxi zerbitzuarekin: "Baina ez da bateragarria zerbitzu berbera eskaintzea".
Guztira, 1.229 taxi daude Bizkaian, 654 Gipuzkoan eta 238 Araban, eta 83 VTC baimen (30 Bizkaian, 29 Araban eta 24 Gipuzkoan). Nafarroan, berriz, 37 baimen daudela ohartarazi zuen iaz Aitan taxilarien elkarteak.