Bilboko portuko lan gatazkako korapiloa askatzen hasteko akordioa adostu dute zamaketarien lan batzordearen gehiengoak eta Bilbo Estiba lau zamaketa enpresak biltzen dituen elkarteak. Espainiako Lan Ministerioak eginiko bitartekaritzak fruitu txikia eman du, eta ituna oso orokorra da oraindik, baina «negoziatzen jarraitzeko» bidea ireki du. Orain sektore mailako bilerak hasi beharko dituzte lan hitzarmenaren xehetasunak zehazten joateko. Bilera horietan, besteak beste, «aldi baterakotasuna murrizteko aukerak» aztertuko dituzte.
«Akordio hau inflexio puntu bat izatea espero dugu. Bi aldeentzako mesedegarria den akordio bati atea irekiko diona, eta portura egonkortasuna ekarriko duena». Alberto Dañobeitia zamaketarien langile batzordeko presidentea itxaropenez mintzatu zen, atzo. Bilbo Estibak ere akordioa ontzat jo zuen, uste baitu itun horri esker lan hitzarmen berria adosteko «oinarri sendoa» dagoela.
Langile batzordeko hamahiru kideetatik hamarrek sinatu zuten: Coordinadora, UGT eta Kaia sindikatuetakoek, hain zuzen. ELAkoek eta LABekoek, aldiz, ez zuten bat egin. Batzordeko kideek badakite oraindik asko dagoela zehazteke, baina nahiko pozik daude arbitraje betearazlearen mamua uxatu dutelako.
Akordioak zazpi puntu ditu, eta Espainiako Lan Ministerioak abian jarritako bide orriaren ondorio da. Bilbo Estibako eta sindikatuetako ordezkariak bi aldiz bildu dira azken hilabetean Veronica Martinez Barbero Espainiako Lan zuzendari nagusiarekin. Bitartean, enpresa eta langile batzordearen arteko bilerak egon dira, baina mugarriak Madrilen eginikoak izan dira. Azken bilera herenegun egin zuten, egun osokoa, eta atzo sinatu zuten «bide orria ixteko konpromisoa».
Aurrerantzean jokalekua aldatuko dute, eta Euskal Herrira itzuliko da partida. Ministerioa, dena den, bi aldeen esku egongo da «akordioa garatzeko behar daitekeen edozein lanetarako». Adosturikoaren arabera, sektore mailako mahaia eratuko da orain, «Bizkaiko zamaketari guztiak barnean hartuko dituena». Alegia, kontratu mugagabea duten 320ak eta behin-behinean daudenak. Behin-behinekoak pixkanaka finko bilakatzea da eskaeretako bat, batez ere lan poltsa historikoko 103ak —hamabi urte daramatzate aldi baterako kontratuak kateatzen—. Akordioko puntuetako bat «behin-behinekotasuna murrizteko» proposamenak onartzea da, baina ez du zehazten nola.
Lan hitzarmen berria da korapiloaren muina, eta zamaketariek euren lan karga ziurta dadila nahi dute. Portu barneko hainbat jardun —komertzialak eta horizontalak deritzenak, alegia itsasontziekin harreman zuzena ez duten portuko garraio lanak—, baina, liberalizatu egin ditu Europako Parlamentuak, eta horrek zaildu egin ditu bilerak. Bilbo Estibak hainbat marra gorri ezarri zituen bide orriari ekiteko, eta horietako bat zen liberalizaturiko lanak lan hitzarmenaren arabera ez arautzea. Akordioan hori zehaztuta agertzen da, baina lan horiek zamaketariek egingo balituzte lan hitzarmena aplikatu behar zaiela dio. Euren jardunaren %30 inguru dira. «Balituzte» baldintza aditza darabilte akordioan, askotan lan horiek aldi baterako enpresen bitartez kontrataturiko biltegiko langileek egiten dituztelako.
Eskumenaren zain?
Horiek hala, oraingoz urrun dirudi beste greba baten mehatxua. Iazko urri eta abendu artean zamaketariek 57 eguneko lanuztea egin zuten, portuan aspaldian eginiko luzeena. Negoziazio horretan eragina izango duen beste aldagai bat Espainiako sektore mailako V. akordioa izango da. Espainiako Lehiaren Auzitegia hura ikertzen ari da, liberalizazio legeak urratzen dituelakoan.
Ikusteko dago, halaber, Bilboko eta Pasaiako (Gipuzkoa) portuen kontrolerako eskumenarekin zer gertatzen den. Egun Espainiako Gobernuarena da, baina Eusko Jaurlaritzak transferentzia eskatua du. El País kazetak abenduan zabaldu zuenez, aurtengo urrian egin daiteke aldaketa.
Bilboko zamaketariek eta enpresek itun bat adostu dute negoziazioa desblokeatzeko
Langile batzordearen gehiengoak sinatu du, baina ELA eta LAB kanpoan gelditu dira. Enpresaren ustez, lan hitzarmena adosteko «oinarri sendoa» da akordioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu