Bilboko zamaketariek eskaintza bat egin diete enpresei greba eragozteko

Erantzunaren arabera eutsiko diote protestari, bihartik aurrera. Langile finko gehiago nahi dituzte

Bilboko portuko zamaketariek 2017an eginiko protesta ekitaldi bat. Azken greba handia orduan egin zuten. MIGUEL TOÑA / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Azken orduko akordiorik ezean, Bilboko portuko zamaketariek grebari ekingo diote bihar. Sindikatuek kontraeskaintza bat igorri zieten atzo BilboEstiba elkartea osatzen duten enpresei, eta erantzunaren arabera erabakiko dute zer egin lanuzte deialdiarekin; balego, betiere. Greba bihar hasiko litzateke, eta hilaren 28ra arte iraungo luke; txandaka egingo lukete: ordu bakoitietan lan egin eta bikoitietan gelditu. Lan erritmoan eragin nabarmena izango luke.

Sindikatuek —Coordinadora, UGT, ELA, LAB eta KAIA— atzo adostu zuten kontraeskaintza, eta orain ikusteko dago enpresak negoziatzeko prest dauden. Izan ere, eta iturri sindikalek diotenez, negoziazioak geldituta daude. BilboEstibako lau zamaketa enpresek —Toro y Betolaza, Berge, S.L.P. eta Cosco txinatarra— ez dute eseri nahi greba deialdia bertan behera utzi arte.

Zamaketariek eskatu dute langile finkoen kopurua handitzea; besteak beste, haien atseden tarteak errespetatzen ez direlako. Salatu dutenez, hamar laneguneko lau jaiegun izateko eskubidea dute, eta azkenaldian hiru baino ez dizkiete baimentzen enpresek. Erretiroak direla medio, kontratu finkoa duten zamaketarien kopurua 408tik 320ra murriztu da 2008az geroztik, eta ez da kontrataziorik egon. EPZ Enplegurako Portuko Zentroa da langileak kudeatzen dituen elkartea, eta lau enpresari eskaintzen diete zerbitzua. Zamaketari jardunak publiko izateari utzi zionean jarri zituzten martxan EPZk, finkoen kontratuak subrogatu ahal izateko.

Bilboko EPZk, halaber, aldi baterako lan enpresa bat du, eta haren araberako kontratazioak ugaritu egin dira. 60 langileko poltsa batekin jaio zen, eta egun 116 dira. Egun bakarreko kontratuak izan ohi dira. Sindikatuen arabera, lan karga handia zegoen egunetarako sortu zen ABLEa, baina behin-behineko langile gehienek hamabi urte daramatzate horrela, eta urtean 170 lan jardunaldi egiten dituzte —finkoek, aldiz, 228—. Sindikatuek argi dute behin-behineko langileetako batzuk finko egitea dela bidea.

BilboEstiba patronaleko enpresen ikuspegia ezberdina da. Ohar bidez azaldu dutenez, sindikatuek ez diete uzten behin-behineko langileei «ezohiko txandetan» lan egiten: gauekoak, jaiegunetakoak eta asteburuetakoak. Muga horiek 1995eko hitzarmen batean dute oinarria, zeinaren arabera behin-behineko zamaketariek egunez eta lanegunetan bakarrik egin baitezakete lan. Enpresen iritziko, muga horiek«legea urratzen» dute, eta «murrizketa onartezinak» eragiten dizkiete portuko jardunari. Are gehiago, hiru aste hauetan greba egiten bada «Bilboko portuaren etorkizuna arriskuan» legokeela uste dute, «ezin delako kalitatezko zerbitzua bermatu», eta horrela ezinezkoa da bezeroak erakartzea.

Liberalizazioaren itzala

Portuko enpresek eskatzen dute zamaketarien sektorea erabat liberalizatzea, eta hor datza gatazkaren muina. Europako legediaren arabera, iragan maiatzaren 14az geroztik ezin da mugarik jarri zamaketariak kontratatzeko, baina arau hori Bilboko portuan ez da aplikatu duela gutxi arte. Enpresak, baina, behin-behineko langileak kontratatzen hasiak dira asteburuetan lan egiteko, eta, dirudienez, hori izan da greba deialdia egitera bultzatu dituen duen azken tanta. Zamaketarien aurreko greba handia 2017an izan zen, eta ordukoan hiru urteko epea ezarri zen liberalizazio dekretua aplikatzeko.

Bilboko portuko lan hitzarmena 2019an bukatu zen, eta abenduaz geroztik dabiltza negoziatzen. Negoziazio horietan, EPZ desegitearekin egin dute mehatxu enpresek. Sindikatuak, baina, ez daude itxita: «Langile gehiago kontratatzea behar da, eta gero doituko dugu doitu beharrekoa», diote. Greba biharko 08:00etan da hastekoa, eta momentuz zaila dirudi hura hasi aurretik akordioren bat egoteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.