Bilboko portuko zamaketariek Bilbo Estiba enpresari egotzi diote greba eragin duen lan gatazka «eragin» izana. Haien ustez, lau zamaketa enpresak biltzen dituen elkarteak —Toro y Betolaza, Berge, S.L.P. eta Cosco txinatarra— ez du izan negoziatzeko inolako asmorik, eta haiei komeni zaizkien baldintzak «inposatzea» bilatu dute bakarrik. Zamaketarien ustez, enpresaren asmo bakarra egoera muturrera eramatea izan da, azkenean «arbitratze lotesle» bat lortzeko, «ziur asko» enpresen alde egingo duena haren ebazpenean. Dena den, zamaketariek berretsi dute negoziatzeko prest daudela, eta bilera egutegi bat zehazteko eskatu diote Bilbo Estibari.
Zamaketariek portuko gatazkaren inguruko beren bertsioa plazaratu dute agerraldi publiko batean. Alberto Dañobeitia langile batzordeko presidentea (Coordinadora) izan da bozeramailea, eta ez du kazetarien galderarikonartu. Enpresen aldeak beraien inguruan zabalduriko «difamazio eta albiste faltsuei» erantzun nahi izan diete: «Gertatu ez diren mehatxu, lege urratze eta ekintza ugari leporatu dizkigute. Asmo bakarra dute: iritzi publikoak portuan gertatzen ari denaren pertzepzio okerra izatea».
Bilboko portuko zamaketariekegun osoko greba deialdiaren zortzigarren eguna dute gaur —lanuzteak azaroaren 16an hasi zituzten—, eta azken asteetan negoziazio prozesuak martxan jartzeko haien saioak azaldu dituzte. «Egun indarrean dagoen lan hitzarmeneko edozein punturi buruz hitz egiteko prest gaude», nabarmendu du Dañobeitiak. Gako handietako bat hor dago, hitzarmen horren arabera, zamaketariek lehentasuna baitute portuan lurrean egiten diren lanetako askotan; alegia, zama ontzitik atera eta lurrean jarri ostekoetan. Eta lehentasun hori nolabait subrogatzea nahi dute. Jarduna liberalizatu duen legeak, baina ez du halakorik bermatzen. Horrek aldi baterako langileak kontratatzeko aukera ematen die enpresei, normalean baldintza txarragoetan.
«Konplot itxura»
Zamaketariek gogoratu dute azaroaren 6an bitartekotza eskaera bat egingo ziotela sektoreko Espainiako batzorde paritarioari, eta enpresek baztertu egin zutela. Ondoren, azaroaren 11n, Bilboko portuko agintaritzak bilera batera deitu zituen, eta negoziatu beharrean «arbitrajea» eskaini ziela. Sindikatuen ustez, hori da «inposizio estrategian» falta zaien pieza, arbitraje hori enpresen aldekoa izango dela uste dutelako.
Horren ondoren, sindikatuen ustez, enpresen borondate ezaren zantzu argiena dena iritsi zen. «Bi aldeen arteko negoziazioa irekitzearen truke greba bertan behera uztea eskaintzea, eta enpresek baztertzea, hasierako euren asmoak bakarrik kontuan hartuta, arbuiagarria da. Baina, horrez gain, bazterketa hori portuko agintaritzaren aurrean egiten bada eta hark grebak jarraitzeari oniritzia ematen badio, negoziazioaren aukera baztertzeko konplot itxura hartzen du guztiak».
Negoziazio saiakera horiek mehatxupean egin dituztela kritikatu dute. 320 langile finkoei lana ematen dien CPE elkartea desegingo zuela esan zuen lehenbizi Bilbo Estibak, eta gero behin-behinean diharduten poltsa historikoko zamaketariei «eraso» egin zien: «Hamabi urtez zerbitzu ona eman, profesionaltasuna erakutsi eta beti erabilgarri egon ondoren lanetik baztertu dituzte». Hamabi urte daramatzate egun bateko kontratuak kateatzean, eta haiek apurka finko egitea da grebagileen eskaeretako bat.
Mehatxuekin batera jasaten ari diren «presio poliziala» salatu dute zamaketariek. Portuan Ertzaintzaren auto eta furgoneta ugari ikus daitezke. «Enpresari bati langile batekin ez negoziatzea otutzen zaion bakoitzean,haren esku hainbeste polizia jartzen badituzte negoziazio eta lan eskubideak urratzeko, herrialde honek beste garai batzuetako kutsua har dezake». Era berean, langileek «probokazioen aurrean» izandako «jarrera eredugarria» txalotu dute; hala gehiegizko gutxieneko zerbitzuak jasotzean, «lan kargaren %100 izatera iritsi direnak»; nola «eskirolkeriarekin»ere. Greban enpresek langileak kontratu dituzte Adecco aldi baterako enpresaren bitartez.
Bilboko zamaketariek enpresei egotzi diete portuko gatazka «eragin» izana
Elkarrizketarako borondatea dutela berretsi dute, eta bilera egutegi bat eskatu diote Bilbo Estibari. Ezarritako gutxieneko zerbitzuak bete dituztela nabarmendu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu