Bilboko turismoa «berandu baino lehen» ordenatu behar dela uste du Merkataritza Ganberak

Etxe turistikoak erregulatzearen alde agertu da, oraindik arazoa larria ez dela uste duen arren. Confebaskek fiskalitatearen inguruan eskaturiko neurriak txalotu ditu.

Turista talde bat Arriaga plazan, Bilboko erdialdean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Turista talde bat Arriaga plazan, Bilboko erdialdean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko uztailaren 17a
13:30
Entzun

Bilboko Merkataritza Ganberak uste du turismoa erregulatzeko neurriak hartzeko garaia iritsi dela Bizkaiko hiriburura. Jose Ignacio Zudaire ganberako presidenteak nabarmendu du erregulazioa lagungarria litzatekeela jardun ekonomikorako, eta «berandu baino lehen» beharko lukeela. Azaldu du batez ere etxebizitza turistikoen inguruan ari zela, eta egoera oraindik ez dela mugara iritsi, baina egon badaudela «arazo larria» duten gune turistikoak. Alderatzen hasita, esan du Donostian egoera larriagoa dela.

Merkataritza Ganberak Bizkaiko eta EAEko ekonomiaren egoerari buruz urtero egiten duen txostenaren aurkezpenean adierazi du hori, eta nabarmendu turismoa oso indartsu dagoela Europa osoan, eta haren inguruan dauden herrialdeak ari direla gehien hazten. «Gurean ere hark egiten dio tira ekonomiari, eta enplegua sortzen ari da. Loiuko aireportuan zazpi milioi bidaiari ere izango dira aurten, eta Bilbon inoiz baino hotel gau gehiago salduko dira».

«Enpresa gehien erakartzen duten ekonomiak zeintzuk diren begiratu baino ez dago, eta ez dira zerga tasa handienak dituztenak»

JOSE IGNACIO ZUDAIREBilboko Merkataritza Ganberako presidentea

EAEko ekonomiaren alde onean kokatu du turismoa Zudairek, eta uste du aurten %1,9 eta %2 artean haziko dela hari esker. Inflazioari dagokionez, %3,5 da gaur egun, baina bigarren seihilekoan behera egingo duela uste du. Alde ilunean, berriz, industria eta merkataritza daude. Gutxi sakondu du merkataritzaren ahulezian; bai, ordea, industriarenean: «Industria enpresen %84k diote aurten hobera egin edo antzera jarraituko dutela, baina eskari zorroa mehetu egin zaie. Iaz, batez beste, 101 egunerako lana zuten; aurten, berriz, 81 egunerako».

Hori ez da industriaren egoera kaskarra erakusten duen ganberaren datu bakarra. Merkataritza balantzean ere ikusten da, inportazioen eta esportazioen arteko harremanean. Apirila arteko esportazioak iazko tarte berekoak baino %9 txikiagoak izan dira aurten Bizkaian, eta esportazioen balioak inportazioen balioen %71 estaltzen du bakarrik. «Defizita agerikoa da. Alemania eta Frantzia dira gure erosleak, eta haiek motel dabiltza. Alemanian, esaterako, asko nabaritu dute Txina gutxiago erosten ari dela».

Jose Ignacio Zudaire
Bilboko Ganbera: Mikel Arieta-araunabeña idazkari nagusia eta Jose Ignacio Zudaire presidentea. BERRIA

Ganberaren agerraldietan, presidentea orakulu-igarle rolean jartzen da, Bizkaiko enpresarien artean egiten duten inkesta zabal baten ondorioetan oinarrituta. Alde horretatik, «merkatu alternatiboak» aurkitzeko aholkatu die industria enpresei: «Europa %0,4 hazten ari da; AEBak, berriz, %2,5, eta Txina, %5etik gora. Argi dago». Eta zein dira merkatu horiek? «Hego Amerika, Mexiko... AEBen arrastoan doa Mexiko, eta merkatu interesgarria da. Asko ari dira hara begira».

Absentismoa, indibidualismo arazoa

Inkestan galdera ugari egiten dizkiete Bizkaiko enpresariei, eta, emaitzen artean, deigarrienetako da absentismoaren inguruan duten kezka. %42ren ustez, arazo larria edo oso larria da haien enpresetan, eta %24 neurriak hartzeko prest daude. Enpresari elkarteek askotan jartzen dute gaia mahai gainean, baina muina zein izan daitekeen aipatzen dutenean ez dira askorik bustitzen, ez baitute nahi izaten inor mindu edo sutu dadin.

Zudairek, berriz, bere iritzia eman du, eta langileei begiratu die. «Nire ustez, kultura eta balio arazo bat da batez ere», zehaztu du. «Lehen, harro esaten zen langile batek bere ibilbide osoan ez zuela inoiz sendabaimenik eskatu. Orain, aldiz, gizarte indibidualistago bat gara, ‘ni eta orain’ dugu buruan, eta ez ‘gu eta bihar’. Eta horrek kalte egiten dio enpresari». Zehaztu du arazoa ez dela enpresa mota baten araberakoa, eta, esaterako, kooperatibetan ere kexa bera dutela.

2025: inflazioaren amaiera

Enpresei eginiko inkestez gain, Ganberak hainbat erakunde eta bankuren txostenak aztertzen dituzte iragarpenak egiteko. 2025ean EAEko ekonomia %2,1 haziko dela uste du, aurten baino 0,2 puntu gehiago. Eurogunerako, berriz, %1,4ko hazkundea iragarri du. Inflazioari dagokionez, aurten %3,1ekoa espero du Espainian —haren arabera eguneratzen dira soldatak Hego Euskal Herrian—, eta %2,5ekoa eurogunean. 2025erako, berriz, %2,3koa Espainian, eta %2,1ekoa Europan. «Europako Banku Zentralak interes tasen igoerarekin lortu nahi zuen helburua, hain zuzen», zehaztu du Zudairek. Enpleguari dagokionez, ez dute 2025erako proiekziorik egin.

Gai polemikoetan sartuta, Confebaskek eginiko fiskalitate eskaerak txalotu ditu, eta antzeko neurri gehiago eskatu. «Zerga sistema adimentsua izan behar dugu, eta, horretarako, Ekonomia Ituna erreminta oso baliotsua da. Enpresa gehien erakartzen duten ekonomiak zeintzuk diren begiratu baino ez dago, eta ez dira zerga tasa handienak dituztenak». Gehitu du ongizate gizartea mantentzeko hazkundeari eustea ezinbesteko dela, eta zerga sistemak lagundu behar diola.

Asko sakondu du gaian Zudairek. «Aktibitate ekonomiko handiagoa sortzen baduzu, ez duzu tasa handiagorik behar lehengo bera biltzeko», esan du, eta gogor jo du zergak igotzeko eskatzen dutenen aurka: «Presio fiskala igotzea epe motzeko neurri bat da. Zergak igotzen badituzu, erdiko epera eta luzera begira inbertitzaileen motibazioari eragingo dio, eta beste norabait joango dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.