Bilboko portuko trafikoa %9,7 handitu da; Pasaiakoa, berriz, %8 murriztu

Salgai likidoen hazkunde handiak eragin du igoera Bilbon, baina edukiontzien joan-etorria %5,1 jaitsi da. Pasaian %8,5 egin du behera auto mugimenduak.

Kamioi bat ferry batean sartzen, Bilboko portuan. 'Ro-ro' garraioa %11 igo da. BILBOKO PORTUA
Kamioi bat ferry batean sartzen,, Bilboko portuan. 'Ro-ro' garraioa %11 igo da. BILBOKO PORTUA
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko uztailaren 23a
12:50
Entzun

Hego Euskal Herriko portuek urte hasiera oso ezberdina izan dute. Bilboko portuaren trafikoa %9,7 handitu da lehen sei hilabeteetan; Pasaiakoak, berriz, %8 egin du behera. Bilboko portuaren hazkundearen arrazoia salgai likidoak dira —iaz baino %15,9 gehiago—. Pasaiari, aldiz, kalte handia egin dio salgai solidoen jaitsierak (%24).

Bilboko portuan hemezortzi milioi tona mugitu dira lehen sei hilabeteetan, Pasaiakoan, berriz, 1,6 milioi tona. Ohikoa denez, Bilbon salgai likidoak izan ziren salgaien gehiengoa: 11,7 milioi tona. Haien ugaritzea deigarria izan da, iaz tarte berean 10,1 tona mugitu zituztelako. Salgai likido horiek, normalean, fintzeko petrolioa eta gas likidotua izan ohi dira.

Salgai likidoen trafikoak %15,9 egin du gora Bilbon. Normalean, fintzeko petrolioa eta gas likidotua izan ohi dira

Salgai solidoak %2,3 gutxitu dira, iazko datuekin alderatuta. Alde horretatik, deigarria da salgai horiek ekainean izan duten beherakada: iazko ekainean 382.000 tona mugitu ziren, eta aurten 282.000 (%26,1). Ro-ro garraioa, berriz —autoak eta kamioien atoiak eramaten dituzten ferryak—, %11,3 ugaritu da. Hor sumatu da linea berriek zer eragin izan duten.

Edukiontziak portuaren orbana dira, oraindik ere. Edukiontzi garraioak behera egin baitu, hala merkantziaren pisuan (-%5,1) nola edukiontzi kopuruan (-%10). Urteak dira kopuru hori altxatu ezinda dabilela.

Gurutzaontziei dagokienez, 35ek ukitu dute portua, iaz baino batek gehiagok, baina %10,2 ugaritu dira bidaiariak: 96.000 izan ziren iaz, eta 106.000 aurten.

Pasaia, pattal

Pasaian, zenbakiak okerragoak dira. Besteak beste, bertan ez dagoelako salgai likidorik mugitzen. Salgai orokorren mugimenduak %1,2 egin zuen gora, baina solidoenak %24 egin zuen behera. Ro-ro-ari dagokionez, %8,9 egin zuen behera. Azpiatal horretan, salmentarako auto garraioa garrantzitsua da Pasaian, eta %8,5 gutxiago mugitu ziren. Iazko lehen sei hilabeteetan 141.859 auto mugitu zituzten; aurten, 129.846.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.