Bilboko portuko agintaritza «dirua xahutzen» ari dela salatu dute langileek

Beharrezkoak ez diren pribatizazioak egitea egotzi diote, eta lan ituneko hainbat akordio ez betetzea. Mobilizazioak luzatzeko prest daude

Bilboko portuko langileen elkarretaratzea, gurutzaontzientzako Getxoko kaiko kanpoaldean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Getxo
2021eko irailaren 1a
00:00
Entzun
Bilboko portuan ez da giro lan gatazkekin. Zamaketarien auziko negoziazio luzeak radarraren azpitik jarraitzen duen bitartean, orain portuko agintaritzako langileak dira zuzendaritzaren jarduna salatu dutenak. «Diru xahuketa, lan hitzarmenak ez betetzea eta murrizketak» egozten dizkiote. Hasiak dira protesta elkarretaratzeak egiten, eta ez dute baztertzen mobilizazio gehiago egitea portuko agintaritzak «estrategia» aldatzen ez badu.

Jose Luis Garcia (UGT) da portuko langileen batzordeko presidentea, eta argi du orain agintaritzari dagokiola «pausoa ematea». Langileek atzo egin zuten lehen protesta, Getxoko kaian (Bizkaia). Hanseatic Inspiration sasoiko lehen gurutzaontziaren iritsieraren oihartzun mediatikoa baliatu nahi izan zuten —30 bat espero dira urte amaierara arte—. Elkarretaratzea kaian egiteko asmoa zuten, baina segurtasun zaindariek ez zieten utzi, eta kanpoan elkartu behar izan ziren.

Portuko langileak 260 inguru dira, eta jardun ezberdinetakoak daude: portuko polizia, bulegoetako langileak... Haserre bizian daude agintaritzak ez duelako errespetatu duela bi urte sinaturiko lan hitzarmena. «Gastuak murrizteko aitzakiarekin erabaki asko hartu dituzte batzordearekin adostu gabe: osasun asegurua okertu digute, osagai batzuk kendu, hutsuneak ez dira ordezkatzen... Portuko 90 polizia daude, eta egun 65ekin ari gara, hainbat min hartuta daudelako. Iragan astean Punta Luceroko pasabidea itxi behar izan zuten langilerik ez zegoelako», azaldu du Garciak.

Langileek enpresaren kontraesanak kritikatu dituzte, «gastuak murriztearen aitzakian» baldintzak kaskartzen dituztelako, baina beraiek egin zitzaketen hainbat lan pribatizatu egin dituztelako: «Diru publikoa xahutzen ari dira. Oraintxe bertan segurtasun pribatua dago lanean kaian, eta zerbitzu horrek 200.000 euro balio ditu. Gainera, portuko langileak ez direnentzat sartzea debekatuta dagoen eremuetan ari dira. Lan publiko egonkorra sortu beharrean, kanpora ateratzen dute».

Azpikontrata susmagarriak

Alde horretatik, Garciaren ustez, lizitazio bat da larriena: «Postua Portuko Zirkulazioaren Arduradun da: 1.200.000 euro lau urterako. Langileak trebatu ditzakete lan hori egiteko, baina nahiago dute kanpoan kontratatu». Sindikatuek susmoa dute lizitazio hori oso bideratuta dagoela, eta jasoko duen enpresaren akzioen %48 portuko agintaritzak duela: «bere buruari azpikontratatuko diote zerbitzua, jendea kontratatu beharrean», iragarri du.

«Xahuketaren» xehetasunekin jarraituz, Garciak azaldu du zuzendaritzako hainbat kide ohiri erretiro aurreratua eskaini zaiela, eta trukean kalte ordain handiak eskaini zaizkiela. Uste du erretiro horietako batzuek harremana dutela aholkularitza enpresen legez kanpoko lizitazioen aferarekin. Espainiako Lehia Batzordeak salatu zuenez, Bilboko portuko agintaritzak «rol larria» eduki zuen tramako hainbat iruzurretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.