Bilboko portuan CO2-a, hidrogenoa eta amoniakoa jaso nahi ditu BBGk

Gas natural likidotua garraiatzen duen milagarren ontzia hartu du konpainiak, eta beste fluido batzuk jasotzeko prest agertu da. Aurreproiektu bat aurkeztua du Bruselan.

BBGren Zierbenako instalazioak, artxiboko irudi batean. BAHIA DE BIZKAIA GAS
BBGren Zierbenako instalazioak, artxiboko irudi batean. BAHIA DE BIZKAIA GAS
Paulo Ostolaza.
2025eko urtarrilaren 20a
16:40
Entzun

BBG Bahia de Bizkaia Gas konpainiak erabilera gehiago eman nahi dizkie Bilboko portuan dituen instalazioei. Hogei urte baino gehiago daramatzate GNL gas natural likidotuarekin lanean, baina, «zalantzarik gabe», prest daude beste fluido batzuk jasotzeko, hala nola amoniakoa, hidrogenoa eta, batez ere, CO2-a.

Nahi hori adierazi du Juan Andres Diez de Ulzurrun konpainiako presidenteak. BBG 2003ko abuztuan hasi zen gas natural likidotuarekin beharrean, eta gaur hartu du erregai hori garraiatzen duen milagarren itsasontzia. Houstondik (Texas, Ameriketako Estatu Batuak) heldu da Rioja Knutsen, Naturgy enpresarena. Hori ospatzeko egin dute agerraldia portuan, eta omenaldia egin diote ontziaren patroiari, Portugaleteko (Bizkaia) Pello Laiz Darquivistaderi.

7,84

BBGk Bilboko portuan 2024an deskargatutako gas natural likidotua, milioi metro kubikotan. BBGk 49 itsasontsi jaso zituen iaz, eta haiek 7,84 milioi metro kubiko GNL deskargatu zituzten Zierbenako instalazioetan.

«Hidrogenoa zamatu eta jaso genezake? Zalantzarik gabe. Amoniakoa zamatu eta jaso genezake? Zalantzarik gabe. Baina aurrerapausoa CO2 likidotuarekin eman dugu», azaldu du Diez de Ulzurrunek. Zenbait ikerketa egin dituzte horretarako, eta, Enagasekin eta Teregarekin batera, proiektu bat jarri nahi dute martxan. Bruselan aurkeztua dute aurreproiektua, eta Europako Batasunaren oniritziaren zain daude. 

Zehazki, inguruko industriek sortutako CO2-a bildu nahi dute, hura likidotu, itsasontzietan sartu eta Ipar Euskal Herritik banatu. «Etorkizunera begira» dagoela esan du konpainiak, eta Zierbenako (Bizkaia) instalazioen garrantzia azpimarratu, «Europako erabilienetakoak». Eusko Jaurlaritzak %50eko partaidetza du konpainian.

Nagusiki, AEBetatik

BBGk zenbait herrialdetako GNLa jaso eta gas natural bihurtzen du, etxeetan, komertzioetan eta industrian erabil dadin. Energia sortzeko ere erabiltzen da. Iaz 49 itsasontzi hartu zituen Bilboko portuan, eta 7,84 milioi metro kubiko gas natural likidotu deskargatu.

Azken hamarkadan, fracking-aren bitartez, AEBak dira erregai horren inportatzailerik handiena, eta nagusiki handik heldutako itsasontziak jasotzen ditu BBGk. Baita, ordea, Aljeriatik, Nigeriatik, Argentinatik, Europa iparraldetik, Errusiatik, eta Perutik datozenak ere, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.