Bilboko Portuak «urterik onenetan besteko» jarduera izan du ekainean

Iazko trafikoari eutsi dio aurtengo lehen sei hilabeteotan, baina %5,6 gehiago fakturatu du

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2010eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Iazko urte «lazgarriaren» ondoren, Bilboko Portuak 2010eko lehen sei hilabeteetan izandako emaitzak «nahiko baikor» azaltzeko moduak dira. Hala azaldu du Jose Ramon de la Fuente Bilboko Portuko Agintaritzako presidenteak. Ekainaren 30era bitarte, 29,3 milioi euro fakturatu ditu erakundeak, 2009ko epe berean baino %5,6 gehiago. Trafikoari dagokionez, iaz ontziratu eta deskargatutako tona kopuruei eutsi die portuak, «gure inguruko beste zenbaitek ez bezala».

Kimu berdeak kostaldera iritsiko direla pentsatzen hasi dira portuko agintaritzan, urte bukaerarako sarreren %5eko hazkundeari eutsiko diotela aurreikusi baitute, 62 milioi euroko sarrerak lortuta. Azken asteetan izandako salgaien zein bidaiarien kopuruekin baikor azaldu dira; portuko jarduerak %20 egin du gora ekainean, eta «urterik onenetan bestekoa» izan da.

Bilboko Portuko Agintaritzako buruek agerraldia egin dute emaitzen berri emateko, eta, presidentearekin batera, Luis Gabiola Merkataritza Garapenerako zuzendaria, Agustin Bravo idazkaria eta Jose Maria Pico zuzendaria izan dira.

Petronorren zain

Lehen sei hilabeteetan diru sarreak handitzea lortu duten moduan, uztailetik abendura trafikoan gora egitea izango da Bilboko Portuaren erronka. Urte amaierarako, trafikoan %5 eta %7 bitarteko hazkundea ematea espero dute. Hazkunde horretarako, baina, funtsezkoa da Petronor findegia. Izan ere, lau hilabetez-urtarriletik apirilera- geldialdi teknikoa egin dute Muskizen. Horren ondorioz, salgai likidoen garraioa %17 erori da iazko kopuruekin alderatuta.

Handizkako salgai solidoetan, berriz, %43,35eko hazkundea izan da, salgai orokorretan ere gora egin dela, %29. Multzo nagusiei erreparatuta, beherakadarik handiena petrolio gordinean (-%31) eta gasolinan(-%42) gertatu da. Trafiko hazkunderik garrantzitsuenak, aldiz, burdinerian (%152) eta produktu sisderurgikoetan (%53) izan dira. Trafikoaren jatorriari dagokionez, Europa Atlantikoa da, oraindik ere, kanpoko trafikoaren helburu edo jatorri nagusia Bilboko Portuko Agintaritzaren arabera. Azken hilabeteetan, alabaina, Afrika Atlantikoak hazkunde nabarmena izan du, %70koa. Bidaiarien trafikoak gainerakoa baino emaitza hobeak izan ditu urte hasiera honetan, iaz baino 13.000 lagun gehiago heldu edo abiatu baitira Bilbotik.

Epe laburreko egitasmoen artean, bestalde, portua erabiltzearren ordaindu beharreko tasak merkatzea dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.