Bilboko Portuak aurten aterako du kai nagusia hedatzeko lizitazioa

Edukiontzien bigarren terminalerako lehiaketa hutsik geratu dela esan du Agintaritzak, eta gehitu du oraindik ez dutela Bilboko Olabarri jauregia saldu

Bilboko portuaren azken berriak azaldu ditu gaur goizean Ricardo Barkala Agintaritzako presidenteak. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko ekainaren 6a
15:08
Entzun

Bilboko Portuaren azaleraren %85 baino gehiago erabilita dago. Horregatik, Bilboko Portuko Agintaritzak kai nagusia hedatu nahi du. Izan ere, 2024 Enpresa Planean sartu dute Kai Mutur Nagusiaren Bigarren Faseko tramiteen hasiera eta lizitazioa. «Kai berriak 30 hektareako azalera izango du, eta proiektuaren zenbatekoa 92 milioi eurokoa izango da», azaldu du gaur goizean Ricardo Barkala Bilboko Portu Agintaritzako presidenteak. Obrek hiru urteko iraupena izango dute. Eta, aurreikuspenen arabera, urte honen amaieran aterako dute lehiaketara.

«Lizitazioa ateratzeko, beharrezkoa da Ministroen Kontseiluaren behin betiko tramitazioa», azaldu du Barkalak. Egoera arrunt batean, onarpena hilabete batetik hiru hilabetera luzatu daiteke. Hala ere, hauteskundeek tarte hori baldintzatu dezakete: «Irteera puntuan gaude; proiektua atzeratzen bada, portuarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik atzeratuko da».

Bestalde, edukiontzien bigarren terminala sortzeko lehiaketa «hutsik» geratu dela ohartarazi du Barkalak. Maiatzaren 29an bukatu zen eskaintzak aurkezteko epea, baina ez da proposamenik aurkeztu. «Hainbat enpresak interesa erakutsi zuten, eta negoziatzen ibili gara». Ez dira akordio batera iritsi: «Terminal berriak gaur egungo terminalaren osagarria izan behar du, eta trafiko berriak batu behar ditu; baldintza zorrotzak ezarri ditugu, ez dugu-eta nahi terminal batetik bestera eskualdatzerik egotea». Alderdi interesdun batzuek baldintzak aldatzeko eskatu duten arren, erakundeak ez du onartu.

Zuzendaritzak nabarmendu duenez, oraindik hainbat proiektu dituzte «esk uartean». Egitasmo horiek aztertuko dituzte, eta, gaur egungo azalera kontuan hartuz, erabakiko dute zeintzuk diren interesgarrienak. Izan ere, ezin dituzte eskari guztiak erantzun, «lurrik ez dagoelako». Nahiz eta tokirik ez egon, Barkalak ziurtatu du ez dutela mendia ukituko: «Nire dirua jokatu beharko banu, esango nuke ez dugula Serantes mendira joko».

Kaiak elektrifikatzea da zuzendaritzaren beste asmoetako bat. Iaz idatzi zuten Trantsizio Energetikoko Plana; 2050erako karbonoaren neutraltasuna lortzeko aurreko urratsa. Ordutik, «hainbat urrats» egin dituzte: «Bideetako eta kaietako argi guztiak LED motatakoak dira orain». Ontzien emisioak murrizteko, A5 kaia elektrifikatzeko lizitazioa atera zuten atzo, 5,4 milioiko aurrekontuarekin. «Portura datozen ontziak lurrera elektrikoki konekta daitezen nahi dugu, emisioak, bibrazioak eta zarata murrizteko».

Trafikoak gora egin du

Proiektuen berri ez ezik, urteko lehenengo lauhilekoko trafikoaren datuen berri ere eman du Barkalak: «Iazko lauhileko berarekin alderatuta, metatuko hazkundea %3,9 areagotu da». Gainera, edukiontzien trafikoak ere gora egin du, aspaldian ez bezala: «Azken hilabeteetan behera egin dugu edukiontzien trafikoan, baina oraingoan, %9ko hazkundea izan dugu».

Urteko lehen bost hilabeteetan, portuko trafikoa 13,4 milioi tonakoa izan da. Salgai orokorren trafikoa izan ezik, gainerako produktuak ere gehiago saldu dira: salgai likidoak %3,7, salgai solidoak %15, eta edukiontzia %0,3. Bidaiarien trafikoak joera bera izan du: %2,5 handitu da. Urtarriletik maiatzera bitartean, Bilboko portuak 56.421 bidaiari izan ditu.

Tren bidezko trafikoa positiboa izan arren, Barkalak uste du oraindik badagoela lana egiteko. 1.700 tren ailegatu dira aurten portura; batez beste, astean 85. «Iaztik, gure eskumena da portuan trenbideak kudeatzea eta hori positiboa da». Hala ere, esan du bidaiarien trenekin partekatu behar dituztela bideak, eta mugak dituztela galiboei eta trenen luzerari dagokienez. «Hegoaldeko saihesbidearen proiektua lehenbailehen bultzatu behar da, eta Miranda de Ebrotik porturaino doan trenbide azpiegitura hobetu».

Beste proiektu batzuk

Martxoan adierazi zuen Agintaritzak enkante publikoa egingo zuela Bilboko Olabarri jauregia saltzeko. Ekainaren 2an amaitu zen eskaintzak egiteko epe hori. Hasierako prezioa hamar milioi euro baino gehiagokoa da. «Hilabete hauetan hamar kontsulta inguru jaso ditugu; eraikinera bisitak egin ditugu, galderak erantzun ditugu, eta planoak ere landu ditugu». Arlo desberdinetako interesdunek egin dute eskaera; baina enkantea «hutsik» geratu da, inork ez dituelako baldintzak bete. Uztailaren 13ko Administrazio Kontseiluan, prezioa %15 murriztea proposatuko dute. Hori baino lehen alderdi interesdunen batek hasierako prezioa eskaintzen badu, «automatikoki» salduko diote.

Gaur atera dute, gainera, Getxoko Arrigunaga hondartzan «txosna» jartzeko emakida eskaera; hogei eguneko epean jarriko dute informazio publikoan. Araudian aurreikusitako izapideak betetzen badituzte, emakida uztailean Administrazio Kontseiluan onartu ahal izango dute. Horren ostean, Getxoko Udalak jarduera lizentzia eman beharko du. Kontseiluak aukeratutako proiektuak 185 metro koadroko azalera okupatzea proposatzen du, eta aurreikusitako inbertsioa 146.000 eurokoa izango da. Getxoko Udalaren arabera, Kontseiluak onartu ostean, lizentzia eskatzeko «dokumentazio zuzena» aurkezten badute, ez du eragozpenik jarriko hura emateko. Hori «ahalik eta arinen egiten» saiatuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.