Garraioa

Bilboko portuak %30 edukiontzi gehiago izan nahi ditu hiru urte barru

200 milioi euroko inbertsioa egingo du epe horretan, baina ez du aurreikusten bigarren gas kargagailua egitea, ezta Serantes mendiko lanekin hastea ere.

Kamioi bat ferry baten sartzen, Bilboko portuan. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko martxoaren 1a
18:04
Entzun

Bilboko portuak hiru urterako etxeko lanak jarri dizkio bere buruari, eta mugitzen duen zama epe horretan zenbat handitu nahi duen kalkulatu du: edukiontzi kopurua %30 handitzea da helburua, bi milioi tona zama likido eta solido gehiago mugitzea eta ro-ro garraioa bikoiztea; alegia, ferryetan 80.000 kamioi garraiatzetik 160.000ra igarotzea. «Edukiontziena zaila izango da, baina beste guztia lor daiteke», zehaztu du Ricardo Barkala portuko agintaritzak presidenteak. Tarte horretan 200 milioi euroko inbertsioa egingo du azpiegituretan.

Portuak 2023-2026ko hirurtekorako plan estrategikoaren aurkezpenean egin ditu iragarpen horiek. Barkalak zehaztu du edukiontzi kopuruaren bilakaera iragartzean ez dutela kontuan hartu haiek garraiatzeko bigarren kaiaren esleipena, ez baitute uste 2026a baino lehenago lanean hasiko denik. Ro-ro kargari dagokionez, azken urteetan asko handitu zen negozio bat da, eta Britanny Ferries-ek Bilbora bideratuko duen bigarren kargaontziak hazkundea erraztuko du —Bilbo-Rosslare (Irlanda) bidea egingo du—. Karga likido eta solidoei dagokienez, egun mugitzen dituenak %6 handitzea litzateke.

Hazi bai, baina nola? «Merkatu berriak aurkitu behar ditugu. Hazteko gure bide naturala iparralderantz jotzea da, Ipar Atlantikorantz eta Europako iparralderantz bereziki». Bilboko Portuko Agintaritzaren datuen arabera, urtero Iberiar penintsulan jatorria duten milaka kamioik Frantzia gurutzatzen dute. 44 milioi tona mugitzen dituzte, eta hor egin behar du «arrantza». Era berean, zehaztu du gaur porturatuko dela lehenbizikoz Bilbo AEBekin astero lotuko duen kargaontzi berria, eta ikusi beharra dagoela bide horrek zer eman dezakeen. Zentzu berean, ez du uste epe motzean Afrikarako edo Asiarako bide berririk irekiko denik.

Edukiontziak, 2026rako

Hiru urtekoa gastu handiko garaia izango da. Inbertsio handiena erdiko kaian eraikiko den edukiontzientzako nasa berria da. Aurten esleituko dute, eta 2026rako amaituta egotea espero da, baina ez martxan. Barkalak zehaztu du lan horrek bakarrik 100 milioi eurotik gora beharko dituela. Munduko garraio konpainia handienek interesa erakutsi dute, tartean MSC erraldoiak. Egun tankera horretako nasa bat dago portuan, eta Cosco Txinako konpainiak kudeatzen du.

Inbertsioen beste zati handia kaien elektrifikazioak hartuko du, eta AZ1 kaiaren azken xehetasunek. Azpiegiturekin jarraituta, portuak ez du aurreikusten gas likidotua hartzeko bigarren kargaleku bat egitea. «Gai hori zintzilik dago», zehaztu du. EAJk espresuki eskatu zuen Espainiako Kongresuan, orain bakarra dagoelako portuan, eta, haien ustez, ez duelako beharra asetzen. Barkalak, baina, ez daki egingo den, eta portuak behintzat ez du bere asmoetan sartu: «Guk argi dugu gasa oraindik trantsizio energia dela, eta kargalekua mesedegarria litzatekeela. Baina partida hori Madrilen jokatzen da».

Ebaketak Serantesen

Portuaren lurrak dagoeneko «beteta» daudenez, haztekotan, gorantz egin beharko luke, leherketen bidez Serantes mendian ebaketak eginez. Agintaritzak txosten bat egina du, baina ez die lan horiei ekingo hiru urteko epean. Lan horrek dirutza balioko luke, eta zuzendaritzak onartu du arlo ekonomikoan «tentsio handiko» garaiak datozela, eta «gerrikoa estutu» beharko duela.

Portuak, baina, zor «errealik» ez duela azaldu du Barkalak. Pilaturiko zorra «txikia» da, haren ustez, ondasunen balioaren antzekoa. Etorkizunean, baina, egoera aldatu daiteke, Espainiako portuen agintaritzak hala aginduta tasen prezioa jaitsi beharko duelako. Jaitsiera horrek lehiakorragoak izaten lagunduko diela sinetsita dago, eta mugimendua handitzeari esker egingo diotela aurre prezioen jaitsierari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.