Aukeratu nahi dituzun buletinak. Beti aurkituko duzu zerbait interesgarria irakurtzeko eta informatuta egoteko.
Jarraitu:
Ekonomia
Bilboko portuak %30 edukiontzi gehiago izan nahi ditu hiru urte barru
200 milioi euroren inbertsioa egingo du epe horretan, baina ez du aurreikusten bigarren gas kargagailua eraikitzea, ezta Serantes mendiko lanekin hastea ere
Bilboko portuak hiru urterako etxeko lanak jarri dizkio bere buruari, eta mugitzen duen zama epe horretan zenbat handitu nahi duen kalkulatu du: edukiontzi kopurua %30 handitzea da helburua, bi milioi tona zama likido eta solido gehiago mugitzea eta ro-ro garraioa bikoiztea; alegia ferryetan 80.000 kamioi garraiatzetik 160.000ra igarotzea. «Edukiontziena zaila izango da, baina beste guztia lor daiteke», zehaztu du Ricardo Barkala portuko agintaritzak presidenteak. Tarte horretan 200 milioi euroren inbertsioa egingo du azpiegituretan.
Portuak 2023-2026 hirurtekorako plan estrategikoaren aurkezpenean egin ditu iragarpen horiek. Barkalak zehaztu du edukiontzi kopuruaren bilakaera iragartzean ez dutela kontuan hartu haiek garraiatzeko bigarren kaiaren esleipena, ez baitute uste 2026a baino lehenago lanean hasiko denik. Ro-ro kargari dagokionez, azken urteetan asko handitu zen negozio bat da, eta Britanny Ferries-ek Bilbora bideratuko duen bigarren kargaontziak areagotze hori erraztuko du —Bilbo-Rosslare (Irlanda) bidea egingo du—. Karga likido eta solidoei dagokienez, egun mugitzen dituenak %6 handitzea litzateke.
Handitu bai, baina nola? «Merkatu berriak aurkitu behar ditugu. Hazteko gure bide naturala iparralderantz jotzea da, Ipar Atlantikorantz eta Europako iparralderantz bereziki». Bilboko Portuko Agintaritzaren datuen arabera, urtero Iberiar penintsulan jatorria duten milaka kamioik Frantzia gurutzatzen dute. 44 milioi tona mugitzen dituzte, eta hor egin behar du «arrantza». Era berean, zehaztu du gaur porturatuko dela lehenbizikoz Bilbo AEBekin astero lotuko duen kargaontzi berria, eta ikusi beharra dagoela bide horrek zer eman dezakeen. Alor berean, ez du uste epe motzean Afrikarako edo Asiarako bide berririk irekiko denik.
Edukiontziak, 2026rako
Hiru urtekoa gastu handiko garaia izango da. Inbertsiorik handiena erdiko kaian eraikiko den edukiontzientzako nasa berriada. Aurten adjudikatuko dute, eta 2026rako amaituta egotea espero da, baina ez martxan. Barkalak zehaztu du lan horrek bakarrik 100 milioi eurotik gora beharko dituela. Munduko garraio konpainia handienek interesa erakutsi dute, tartean MSC erraldoiak. Egun tankera horretako nasa bat dago portuan, eta Cosco Txinako konpainiak kudeatzen du.
Inbertsioen beste zati handia kaien elektrifikazioak hartuko du eta AZ1 kaiaren azken xehetasunek. Azpiegiturekin jarraituz, portuak ez du aurreikusten gas likidotua hartzeko beste kargaleku bat eraikitzea. «Gai hori zintzilik dago», zehaztu du. EAJk espresuki eskatu zuen Espainiako Kongresuan, orain bakarra dagoelako portuan, eta haien ustez ez duelako beharra asetzen. Barkalak, baina, ez daki egingo den, eta portuak behintzat ez du bere asmoetan sartu: «Guk argi dugu gasa oraindik trantsizio energia dela, eta kargalekua mesedegarria litzatekeela. Baina partida hori Madrilen jokatuko da».
Portuaren lurrak dagoeneko «beteta» daudenez, handitzekotan, gorantz handitu beharko luke, leherketen bidez Serantes mendian ebaketak eginez. Agintaritzak txosten bat egina du, baina ez die lan horiei ekingo hiru urteko epean. Lan horrek dirutza behar luke, eta zuzendaritzak onartu du arlo ekonomikoan «tentsio handiko» garaiak datozela, eta «gerrikoa estutu» beharko duela.
Portuak, baina, zor «errealik» ez duela azaldu du Barkalak. Pilaturiko zorra «txikia» da haren ustez, ondasunen balioaren antzekoa. Etorkizunean, baina, egoera aldatu daiteke, Espainiako portuen agintaritzak hala aginduta tasen prezioa jaitsi beharko duelako. Sinetsita dago jaitsiera horrek lehiakorragoak izaten lagunduko diela, eta mugimendua handitzeari esker egingo diotela aurre prezioen jaitsierari.