Bilboko Ganberak uste du 2024a hobea izango dela

Jose Ignacio Zudaire Bilboko Merkataritza Ganberako presidentea. B. M. G.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak ostegunean iragarri zuen 2024. urtea aurtengoa baino nabarmen hobea izango dela, eta Bilboko Merkataritza Ganberak haren arrastoari eutsi zion atzo. Jose Ignacio Zudaire Ganberako presidentearen ustez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia %1,6 haziko da aurten, eta %2,1 hurrengoan. «Aurreikuspenak baikorragoak dira», azaldu zuen, batez ere enpresek eskari zorro handia dutelako.

Ganberak Bizkaiko ekonomiaren erradiografia bat egiten du urtero udako oporraldiaren aurretik. Hainbat erakunderen datuak aztertzen ditu, eta bazkideen artean eginiko inkesta batekin uztartzen du. Bizkaiko ekonomia iazko urte amaieran iritsi zen pandemia aurreko mailara; aurtengoaren lehen hiruhilekoan, baina, «moteltze zantzuak» izan ditu. Dena den, Zudaireren ustez, uzkurtze horrek ez du eragin handirik izango, eta horren eredu da langabezia tasak behera egin izana. Gaur egun %7,1ekoa da.

Inflazioari ere erreparatu dio Ganberak, «azken urteetako buruhauste handia», eta dagoeneko maila onargarrietan dagoela iritzi dio: %2,3. Hori bai, inflazioaren arazoa sakonagoa dela azaldu zuen. Batetik, azpiko inflazioa delakoa oso altu dagoelako oraindik: %6,2an, eta interes tasen bilakaera Europako inflazioak markatzen du. Zudaireren ustez, baliteke egungo interes tasa altuak bi urtez mantentzea.

Langabezia eta inflazio datuez gain, baikortasunaren hirugarren hanka Ganberaren inkesta da. Izan ere, Bizkaiko enpresen %75ek uste dute egun duten lan karga egokia edo oso handia dela, eta %94 gustura daude egun dituzten produktuen eta lehengai stockekin. Sektorekako iragarpena eginez gero, industriako datuak iazkoen oso antzekoak dira. Eraikuntzan eta merkataritzan, aldiz, behera egin dute bigarren hiruhilekoan. Kontrako norabidean doa turismoa. Maiatzera arte Bizkaian gaua igaro duten turistak 2019koak baino gehiago izan dira: 330.000tik gora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.