Bilboko Ganbera: «Itsaso Gorriko krisia aurki nabarituko da euskal ekonomian»

Itsas garraioa garestitzen hasia dela ohartarazi du Jose Ignacio Zudairek. Iragarpen baikorrak egin ditu 2024rako: BPGa %2,1 handituko da.

Jose Ignacio Zudaire Bilboko Merkataritza Ganberako presidentea. B. M. G.
Jose Ignacio Zudaire Bilboko Merkataritza Ganberako presidentea. B. M. G.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko abenduaren 20a
13:30
Entzun

Euskal ekonomiak ezingo du saihestu Itsaso Gorriko krisia; hala uste du behintzat Jose Ignacio Zudaire Bilboko Merkataritza Ganberako presidenteak: «Oraingoz ez dugu nabaritu, baina iritsiko zaigu. Itsas garraioaren pleitak igotzen ari dira. Ez da gauza bera Suezko kanala gurutzatzea edo Afrika inguratzea». Zudaire bada norbait gaiaz hitz egiteko: Petronorreko zuzendari exekutiboaren albokoa da, eta ondo ezagutzen du itsasoko garraioa.

Nabarituko da, eta gainera ez du uste inolako mesederik egingo dienik Europako enpresei, ez baitu barne eskaera bultzatuko. «Krisi laburra izatea espero dut, baina, luzea izanda ere, garraioaren garestitzeak ez du berdinduko Asiako eta Europako ekoizpen prezioen artean dagoen aldea». Itsas garraioko munduko sei konpainia handiek muzin egin diote Itsaso Gorria gurutzeari Yemengo milizien erasoen beldur, eta horrek eragin du krisia.

Ingeles ezagutza urria

Ganberak askotariko galderak egiten dizkie enpresariei, eta, haien arabera, %34k arazoak dituzte behar bezala trebaturiko langileak aurkitzeko. Alde horretatik, galdetuta zer konpetentzia ikusten duten ahulen, %30,8k hizkuntzen ezagutza aipatu dute. «Ingelesa da, batez ere», zehaztu du Zudairek. «Uste genuen gabezia hori konpondu egingo zela belaunaldi berriekin, baina ez da hala. Ez da gauza bera oinarrizko ingeles maila edukitzea eta ingelesez lan egiteko gai izatea».

Bizkaiko Merkataritza Ganberak ekonomiaren egoerari buruzko txostenaren inguruan abenduero egiten duen aurkezpenean egin du Zudairek iragarpena. Erakunde askok egiten dituzte antzeko aurkezpenak azken egunetan, eta Zudairerena alde handiz da baikorrena: «Aurten BPGa %1,3-1,4 igoko da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta hurrengo urtean %2,1 igotzea espero dugu. Aurten asko moteldu da ekonomia, eta hurrengo urterako hazkunde apala espero dugu. Hori bai, ez da berpizkundearen urtea izango».

Alderatzen jarrita, aste honetan bertan Laboral Kutxak %1,4ko iragarpena egin du. Inflazioari dagokionez ere, bankua baino askoz baikorragoa izan da Ganbera: 2024an %2koa izango dela iragarri du. Laboral Kutxak, berriz, %3koa izango dela esan zuen —aurten %3,5ekoa izango da—.

Eraikuntza sektorea, oso ezkor

Aurreikuspenak bere kontraesana duela onartu du Zudairek, batez ere Alemania eta Frantziako ekonomiak ez daudelako beren onenean, eta haiek dira euskal industriaren bezero nagusiak. «Industria, halere, baikorra da. Garai oso txar batetik zatozenean, egonkortasun itxaropena baikortasun zantzu da», azaldu du. Ganberak, izan ere, inkesta egin du Bizkaiko enpresen artean, eta industriakoak dira baikorrenak. Enpresa guztien %77k uste dute 2024an berdin edo gehiago salduko dutela, eta industriakoen artean hobea da autopertzepzioa: %90.

Sektorekako entresaka eginda, nabarmendu du eraikuntza enpresek egin dituztela iragarpenik ezkorrenak: «Euriborra, lehengaiak... %33k aitortu digute urte oso zaila espero dutela. Are gehiago, badakigu eraikuntza enpresa batzuetan egoera zaila dutela». Balantzaren beste aldean kokatu du turismoa: «Aurtengo urtea bikaina izan da haientzat, eta goraka doa». Azaldu du sei milioi bidaiarik erabili dutela Bilboko aireportua, eta %39 Espainia ez diren atzerriko herrialdeetatik iritsi direla.

«Aurten asko moteldu da ekonomia, eta hurrengo urterako hazkundea espero dugu. Hori bai, hazkunde apala izango da: ez da izango berpizkundearen urtea».

JOSE IGNACIO ZUDAIREBilboko Merkataritza Ganberako presidentea

Langabeziari dagokionez, lan merkatua «sendotasun handia» erakusten ari dela azaldu du Zudairek, eta iragarri du hurrengo urtean %8tik jaitsi daitekeela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langabezia tasa —gaur egun %8,32 da—. Enpresen %75ek uste dute oraingo lantaldeari eutsiko diotela 2024an. %17k, berriz, langile gehiago izango dutela uste dute, eta %8k aurkakoa iragarri dute. «Alegia, gutxi izanda ere, gehiago dira langile gehiago beharko dituztela uste dutenak aurkakoa baino», ondorioztatu du.

Zudairek begi onez ikusi ditu Espainiako Gobernuak langabezia ordaina jasotzeko ezarri dituen baldintzak. Iaz hautsak harrotu zituen, esan baitzuen gehiegizko langabezia ordainak «desmotibatzaileak» izan zitezkeela lana bilatzeko. Oraingoan, aldiz, haren hitzak askoz zuhurragoak izan dira: «Langabezia saria mailakatzeak erakargarri egiten du lana bilatzea. Filosofia bezala, politika zuzena da».

Bilboko portua: %2 gora

Merkataritza Ganberaren arabera, Bilboko portua da euskal ekonomiaren neurgailuetako bat, eta txostenean toki berezia egiten diote. Mugimenduak %2 egin du gora aurten. Datu guztiak, baina, ez dira onak, edukiontzien trafikoak %4,2 egin baitu behera. «Industria portu izateko bidean doa. Jardun askorentzat, abantaila handia da planta itsasoaren alboan izatea. Petronorren ere hala egin dugu. Apustu ona da hori, baina horrek zaildu egiten du edukiontzi trafikoa handitzea», Zudairek azaldu duenez. Portuaren daturik onenak salgai likidoen trafikoan daude, hein handi batean Petronorren eraginarengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.