Bilboko Ganbera: «Inflazioa zama handia izan daiteke kontsumoan»

Familiek aurrezkiei esker eutsi diote erosahalmenari, baina horrek izan dezakeen eraginaren beldur da Bilboko Ganbera. Asko apaldu du BPGaren aurtengo igoeraren iragarpena: %6,8tik %5,5era

Gazta saltoki bat Gasteizko Gabonetako ferian. DAVID AGUILAR / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Bilboko Merkataritza Ganberak 2021erako eginak zituen iragarpenak apaldu ditu, eta, haren ustez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGa %5,5 igoko da aurten. Uztailean iragarri zuen %6,8ko igoeratik asko urrundu da, eta hiru arrazoi nagusiren ondorio da doikuntza hori: pandemiaren gorakada, hornidura arazoak eta inflazioa. Azken hori, gainera, «zama handia» izan daiteke erosahalmenean, eta haren eraginaren beldur da. Hala ere, Jose Angel Corres Ganberako presidenteak uste du aurtengoa urte ona izan dela, eta itxaropen handiak ditu jarriak 2022rako. Alde horretatik, aurreikuspen ausartak egin ditu, besteak beste, mundu mailako hornidura arazoak ekainerako amaituko direla.

Abendua iragarpen hilabetea da erakunde ekonomikoentzat. Kristalezko bola atera, eta banku eta ganbera ezberdinek iragarpen sortak egiten dituzte. Epe motzera asmatzea errazagoa da, eta Corresek uste du eginiko kalkulua errealitatetik oso gertu egongo dela, «hamarreneko bat gora edo behera». Jaurlaritzak iaz %6,7ko igoera iragarri zuen 2021erako. Halere, zehaztu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ez direla salbuespena, eta Europa osoan egin direla antzeko doikuntzak.

Europako herrialde askotanari dira pairatzen doikuntza hori eragin duten arazoak, eta zabalduena inflazioa da. Energiaren garestitzeari euroak dolarrarekin izandako balio galera gehitu behar zaio. «Hori ona da esportatzeko, baina txarra inportazioetarako» zehaztu du Corresek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako inflazio tasa %5ekoa zen urrian. Horiek hala, Ganberak ohartarazi du «tentsio» hori «zama handia» dela familien erosteko ahalmenean, eta kontsumoa oso garrantzitsua dela susperraldi ekonomikorako.

Corresek, hala ere, nabarmendu du garestitze hori oraindik ez dela nabaritu kontsumoan: «Familiek pandemian dirua aurreztu zuten, eta gordetako horretatik tiraka ari dira». Baina azaldu du soldatak eguneratu ezean aurrezkiak bukatu egingo direla, eta Ganbera horren beldur da, «ezbairik gabe ». Analisi horrek, dena den, Bizkaiko enpresarien artean eginiko inkestarekin egiten du talka; haren arabera, kezka zabalduena lan kostuen gorakada delako, eta kezka hori zuzenean lotuta dago KPIaren igoerarekin.

BPGaren igoera apaltzen duten beste aldagaiak aletzen hasita, ez du espero hornidura arazoak luzarorako direnik: «Ez dut esan nahi konponduta dagoenik, baina okerrena pasatu da. 2022ko erdi alderako munduko garraio arazoa normalduta egongo da». Are gehiago, Corresek esan du bere iritziz itsaso garraioa «sektore oligopolista» bat dela, eta enpresek «nahita» luzatu dutela mugimendu gutxiko egoera prezio garestiak mantentzeko.

Bizkaiko enpresa gehienak, dena den, baikorrak dira. %92k horrela erantzun diote Ganberaren inkestari, eta %72k espero baino hobeto egin dute lan aurten. Alde horretatik, industria, zerbitzu eta atzerrian asko saltzen duten enpresak dira baikorrenak. Haiei entzunda, Ganberak %6,6ko igoera iragarri du hurrengo urteko BPGan: «Espero dut urte amaierarako pandemia aurreko mailak igaro izana».

Enpleguari dagokionez, azkenik, hurrengo urtean Bizkaiko langabezia tasa %10etik jaistea espero du. Jaitsiera motel hori jendearen prestaketa faltari egotzi dio bereziki, eta baita baldintzei ere: «Lan egin gabe jasotzen dudan laguntza eta soldataren artean alde handirik ez badago...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.