«Moteltze handi batekin ari gara amaitzen aurtengo urtea, eta, hurrengoan, joera hori areagotu egingo da. Hala ere, euskal ekonomia ez da atzeraldian sartuko». Jose Ignacio Zudaire Bilboko Merkataritza Ganberako presidenteak hobetu egin ditu erakunde horrek aurtengo uztailean 2023rako eginiko iragarpenak. Horrek, baina, ez du esan nahi baikorra denik: «Enpresen artean zuhurtzia da nagusi». Ganberaren kalkuluen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia %4,3 handituko da aurten, eta %2,1 2023an. Datu hori apalagoa izango da Bizkaian, %1,8 haziko dela iragarri baitute.
Gabonen bueltan, ekonomia erakundeek eta bankuek kristalezko bola ateratzen dute. Hainbat iturri kontsultatu, eta haien iragarpenak ezagutarazten dituzte. Ganberak, esaterako, kide diren enpresei eginiko inkesten emaitzekin gurutzatzen ditu. «Munduko ekonomia moteltzen ari da, are gehiago herrialde garatuetan, eta euskal ekonomia ez da salbuespena. Hala ere, gure iragarpenak Europakoak baino hobeak dira. Eurogunean %0,5eko hazkundea espero da, eta baliteke herrialderen bat atzeraldian sartzea», azaldu du Zudairek.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia %5,6 handitu zen iaz, pandemia osteko susperraldiaren ondoren. Ganberaren ustez, 2024. urtera arte itxaron beharko du berriz ere giro baikorrean murgiltzeko. «2023a ez da urte erraza izango», ohartarazi du: «Urte osoa beharko dugu burua altxatzeko, eta ez da gure iritzia bakarrik: enpresen %59k aurreikuspen ezkorra egin dute». Zerbitzuen sektoreko enpresak dira ezkorrenak, eta Zudairek azaldu du beldur horren zergatia: «Kontsumoa jaitsiko den beldur dira; egoera zaila ikusten dute. Jendeak gutxiago kontsumituko duela uste dute. Hain zuzen ere, merkataritzak balantze negatiboa izan du aurten».
Ganberak uste du hurrengo urtean inflazioak altu jarraituko duela, eta, ondorioz, zail ikusten dute interes tasak jaistea. Horiek horrela, Bizkaiko enpresen %23k onartu dute maileguak lortzeko arazoen beldur direla. Horren harira, onartu du inbertsio egitasmo batzuei eragin diela dagoeneko: «Enpresek ez dituzte bertan behera utzi, baina bai atzeratu. Egia da finantza erakundeen baldintzek ez dutela mesederik egiten». Siderurgia enpresek nozitu dituzte zailtasunik handienak.
Langabeziari dagokionez, Bizkaiko gaur egungo tasa %9,6 da—%8,3 da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan—, eta nabarmendu du 2019an, pandemiaren aurretik, datu hori %10,58 zela. Era berean, azaldu du urte hartan 490.000 langile zeudela izena emanda Gizarte Segurantzan, eta orain 498.000 direla.
Egonkortasuna enpleguan
Hurrengo urterako ez du aldaketa handirik espero enpleguan: «Bizkaiko enpresen %80,5ek uste dute langile kopuruari eutsiko diotela. Iragarpenetan zuhurrak izan daitezke, baina ez dirudi erabaki drastikorik egongo denik». Datua borobiltzearren, %9,7k langile kopurua handitzea espero dute, eta %9,8k murriztea. Arlo horretan, nabarmentzekoa da lurraldeko eraikuntza enpresen ezkortasuna, lautik batek uste baitu langile kopurua murriztu beharko duela 2023an (%25,1).
Bilboko Ganbera: «2023an motelaldi handia egongo da, baina atzeraldirik ez»
Iragarri du euskal ekonomia %2,1 handituko dela hurrengo urtean, aurten hazi denaren erdia. Zerbitzuen sektoreko enpresak oso arduratuta daude kontsumoaren bilakaerarekin; halere, Ganberak ez du espero enplegu tasa jaisterik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu