Lan gatazkak

Bilboko bi hoteletako gela garbitzaileek %48ko soldata igoera lortu dute

ELA sindikatuaren babesarekin egin dute hilabete eta erdiko greba, "prekaritatearen kontra borroka egiteko".

Bilboko Barcelo hoteleko gela garbitzaileen protesta, azaroaren 2an, lehen greba egunea.. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Jon Fernandez.
2018ko abenduaren 18a
08:48
Entzun

"Borrokak merezi izan du", nabarmendu du ELAk ohar baten bidez. Bilboko NH eta Barcelo Nervion hoteletako gela garbitzaileen grebak "prekaritatea borrokatzeko eta esplotazioari amaiera emateko" balio izan duela ospatu du sindikatuak. %48ko soldata igoerak lortu dituzte gela garbitzaileentzat.

Bihar lanera bueltatuko dira Barcelo Nervien hoteleko garbitzaileak, garaipen bat lortuta. Orain arte, gela bakoitzeko 2,5 euro jasotzen zituzten (hilean 800 euro, aparteko sariak barne); kontratu gehienak aldi baterakoak ziren, "lege iruzurrean egindakoak", eta ratioak gehiegizkoak ziren. "Benetako esplotazio egoera", ELAk azaldu duenez.

Azaroaren 2an hasi zuten greba mugagabea bi hoteletako garbitzaileek, lan baldintzak duintzeko. Gelen garbiketa azpikontratatu egiten dute bi hotelek, eta Constant taldeak estatu mailako lan hitzarmenen araberako soldatak ezartzen zizkien orain arte.

Lan hitzarmena, bermatuta

Barcelo Nervioneko langileen soldata, bihartik aurrera, %30 handiagoa izango da, urtean 17.500 euro; 2020an 18.500era igoko da; eta 2021ean ostalaritza hitzarmena aplikatuko diete oso-osorik, 20.000 eurotik gorako soldatekin. Gainera, enpresak berriz ere lanean onartuko ditu greban kaleratutako beharginak eta kontratua amaitu zaienak, eta lan poltsa bat osatuko du aldi baterako beste langileentzat, lehentasuna izan dezaten etorkizuneko kontratazioetan.

Bestalde, NH hoteleko langileek, abenduaren 12an amaitu zuten greba, enpresarekin akordioa lortu zutelako: 2019an %30 igoko dizkiete soldatak (17.500 euroko soldata urtean); eta 2020an ostalaritzako lan hitzarmena aplikatuko diete, 20.000 eurotik gorako soldatekin. "Hau da, grebari esker, hamahiru hilabetean soldatak %48 igoko dira, eta ostalaritzako probintziako hitzarmenaren baldintza guztiak bermatuko dira", esplikatu du ELAk.

Sindikatuak zoriondu egin ditu bi hoteletako azpikontratetako langileak, "lan baldintzak hobetzeko egin duten borroka dela eta". "Gatazkan bizi izandako arazo guztiak gorabehera, oraingoan ere esan dezakegu borrokak merezi duela". ELAk, halaber, esker ona adierazi die hotelen inguruan bizi diren auzokideei, "kantak, bozinak eta aldarrikapenak jasatagatik", eta "barkamena" eskatu die "borrokak eragindako eragozpenengatik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.