Bilboko 36 etxe agentzia ikertzen ari dira alokairuen prezioak adosteagatik

Lehiaren Euskal Agintaritzak «arrazoizko zantzuak» aurkitu ditu susmoa izateko, eta zigor espedientea ireki die. Urte eta erdiko epea du ikertzeko

Etxe agentzia bateko erakusleihoa. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Etxe agentziek alokairuen prezioak adosten al dituzte? Bada, Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA) susmo sendoa du batzuek behintzat praktika hori egiten dutela, eta, ondorioz, ikerketa prozesu bat hasi du Bilboko 36 etxe agentziatan. Informazio erreserbatu fasean bildutako datuak oinarri hartuta, LEAk zigor espedientea ireki die, argitzeko ea balizko akordio bat dagoen etxebizitzen alokairuaren prezioak edo beste merkataritza baldintza batzuk finkatzeko.

Eskura duen informazioa aztertuta, auzitegiak uste du lehiaren defentsarako legea urratu izanaren «arrazoizko zantzuak» daudela. Era berean, nabarmendu du «bereziki kaltebera» den kolektibo bati eragiten diola: etxebizitza bila dabiltzanei, hain zuzen. Akordio horien oinarria gutxieneko prezio batzuk finkatzea da, euren arteko lehia mugatzeko, eta hori bezeroaren kalterako izan ohi da.

Espedientearen helburua arrazoizko susmo horiek behin-behinekoak diren ondorioztatzea da. Era berean, deigarria da bulego guztiak eremu geografiko jakin batekoak izatea: Bilbokoak. Ikerketak luze jo dezake, hemezortzi hilabeteko muga baitu. Gero, Lehiaren Euskal Kontseiluak izango du azken hitza, eta hark erabakiko du auzia artxibatzen duen, isunak ezartzen dituen edota espedientea itun batekin ixten duen. Ituna ebatziko balu, enpresek jarduera onaren konpromiso batzuk hartu beharko lituzkete euren gain.

Agintaritza beste baldintzak ere ikertzen ari da, alokairuen prezioaz gain: fidantzak, komisioak... Dena den, baldintza batzuk nahiko zabalduta daude sektore osoan. Esaterako, agentziaren komisioa etxebizitzaren hilabete bateko errentaren adinakoa izatea, eta hura etxea alokatzen duenak ordaintzea. Jabeek ordaintzen duten kopuruetan gora behera handiagoak izaten dira.

'Salatariei' mesedea

LEA administrazio izaera duen erakunde autonomo bat da, eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailari atxikia dago. Isun ekonomikoak jartzeko ahala du: arau-hauste arina bada, urteko negozio bolumenaren %1era artekoak; ertaina bada, %5era artekoak; eta larria bada, %10era artekoak. Kasu honetan, balizko kartel bat ikertzen ari da, eta halakoetan Erruki programa delakoa dauka. Enpresetako bat isuna ordaintzetik salbuetsia gera daiteke, baldin eta ikerketan baliagarria izan daitekeen informazioa ematen badu.

Ez da etxe agentzia batzuk prezioak adosteagatik ikertzen dituzten lehen aldia, baina oraingoan berritasuna da bulego fisikoak dituzten enpresak direla. Izan ere, iragan maiatzean, Lehiaren Defentsarako Espainiako Batzordeak ireki zien zigor espedientea zazpi etxe agentzia handiri: besteak beste, Idealista eta Look & Find Internet atariei, sektoreko liderretako biri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.