Aspaldian da martxan industriaren laugarren iraultza deiturikoa, zeinak, muturreko teknologiaren garapenaz baliatuta, fabrika eta lan egiteko prozesu efizienteagoak lortzea duen helburu, fabrikazio adimendunak lortzeraino. Euskal Herrian ari dira pausoak ematen aldaketa hori errealitate izan dadin. Hala erakutsi zuten atzo sektoreko dozenaka aditu ikertzailek Arrasateko (Gipuzkoa) Garaia parke teknologikoan egin zuten Euskal industria adimendunaren topaketa jardunaldian.
BRTA Basque Research & Technology Alliancek antolatu zuen saioa. Industria adimendua da BRTA osatzen duten zentro teknologikoen ikerketa eremu nagusiena gaur egun. Hamazazpi ikerketa zentro dira aliantzako kide, baina hamahiru ari dira alor horretan lanean. Elkarrekin ari dira, sarean, hain zabala den esparruari modu eraginkorragoan erantzuteko. Bada, orain arte egindakoaren berri emateko eta sektorearen joerak zeintzuk diren aztertzeko baliatu zuten eguna.
Ikusi gehiago:«Garrantzitsua da teknologia berrien onurak enpresa txikiei ezagutaraztea»
Izan ere, Ana Aranzabe BRTAren agendaren koordinatzaileak ohartarazi zuenez, euskal industriak ezinbestean egokitu beharko du digitalizaziora, eta prozesu hori gero eta azkarrago egin beharko dute; besteak beste, testuinguru globalak behartuko dielako. «Batetik, nazioarteko lehia ikaragarria da gaur egun, eta orain arte ez zituen lehiakideak agertzen hasi dira. Eta, bestetik, ingurumen inpaktuaren inguruko politikak gailentzen ari dira. Horrek guztiak aldaketak egitera behartuko gaitu».
Fabrikazioa da Europako ekonomiaren «bizkarrezurra», fabrikatutako produktuen munduko esportatzaile handiena baita orain, eta enpleguaren %22 inguru dago hari lotuta. Baina Aranzabek ohartarazi zuenez, «indarra galtzen ari da». Eta, beraz, haren hitzetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industria ere ez dago joera horretatik salbuetsita, industria jardueraren %86 eta enpleguaren %19 manufaktura baitziren, 2019ko datuen arabera.
Bost erronka
Egoera horri aurre egin eta enpresek dituzten beharrei erantzun ahal izateko, BRTA aliantzako kide diren ikerketa zentroek bide orri bat eta bost erronka adostu dute guztien artean; bost ikerketa ildo zerrendatu dituzte: arrastorik gabeko material aurreratuak, makina adimendunak, ekoizpen prozesu jasangarriak, produktu adimendunak, eta datuetan oinarritutako negozio eta zerbitzu eredu berriak.
Ildo horien araberako proiektuak garatzen ari dira zentro teknologikoak, eta horietako batzuk azaldu zituzten ikerlariek, bideo bidezko azalpen laburretan. Nanoguneko arduradunek, esaterako, nanomaterialak eta ehungintza industria lotzen dituen proiektu bat ezagutarazi zuten, arropari ezaugarri berriak eman ahal izateko. Ikerlaneko eta Teknikerreko ikerlariek, berriz, makinek luzaroan irauteko, eta haien eraginkortasuna eta fidagarritasuna hobetzeko garatzen ari diren tekniken berri eman zuten. Biomaguneko adituek, bestalde, osasungintzarako material berrien inguruko pare bat proiektu aurkeztu zituzten.
Orotara, 50 bat proiektu ezagutarazi zituzten jardunaldian. Bada, Ricardo Bueno BRTAko zuzendari nagusiaren hitzetan, adibide horiek erakusten dute ari direla agertoki berrira egokitzen, eta adierazi zuen orain erronka dela euskal enpresei hori guztia ezagutaraztea.