Bigarren urtez uzkurtu da Alemaniako ekonomia

2024an %0,2 txikitu da Alemaniako barne produktu gordina. Aurten %0,1 handituko dela iragarri du Bundesbankek, baina ohartarazi du atzeraldia izango dela baldin eta Trumpek gerra komertziala hasten badu.

Volkswagenen lantegi nagusia, Wolfsburgen. MARTIN MEISSNER / EFE
Volkswagenen lantegi nagusia, Wolfsburgen. MARTIN MEISSNER / EFE
Iker Aranburu.
2025eko urtarrilaren 15a
15:00
Entzun

Bigarren Mundu Gerraz geroztiko atzeraldirik luzeena jasaten ari da Alemaniako ekonomia. 2023an %0,3 txikitu ondoren, 2024an beste %0,2 uzkurtu zen, oro har autogintzaren eta industriaren egoera txarraren ondorioz.

Destatis estatistika erakundeak gaur emandako datuen arabera, manufakturen industriaren balio erantsiaren jarduera %3 txikitu zen iaz, eta zuloa are handiagoa izan zen autoaren industrian eta metalgintzan. Alemaniako industriaren beste atal nagusi batek, kimikagintzak, eroriko handia izan zuen 2023an Errusiako gas merkearen hornikuntza eten zelako, eta iaz ez zuen susperraldirik izan.

Urte txarra izan da eraikuntzan ere: %3,8ko uzkurtzea izan da. Hain zuzen ere, azpiegiturak zahartzea da Alemaniako ekonomiaren arazoetako bat, baina inbertsio asko geratuta daude, horiek egin ahal izateko herrialdeak zorpetu egin beharko lukeelako, eta horri buruzko adostasun politikorik ez dagoelako. Are gehiago, gai horrek Olaf Scholzen lehen gobernua haustea eta hauteskundeak aurreratzea ekarri du. Gaur egun indarrean dagoen zorpetzearen mugari izkin egiten saiatu ziren sozialdemokratak eta ekologistak, baina ezezkoa eman zuen Christian Lindner Finantza ministro liberalak, eta azkenean Scholzek gobernutik bota zuen.

Ruth Brand Destatiseko buruak «presio ziklikoei eta estrukturalei» leporatu die Alemaniako ekonomiaren pattalaldia, eta horien artean lau aipatu ditu: esportazioek gero eta lehiakide gehiago dituztela, energiaren kostua oso handia dela, interes tasak oraindik handiak direla, eta ziurgabetasun ekonomikoa dagoela.

2025ak ere ez du itxura onik. Bundesbank banku zentralak iragarri du %0,1 haziko dela BPGa, baina adierazi du Donald Trump AEBetako hurrengo presidenteak merkataritza gerra bat hasten badu atzeraldia izango dela hirugarren urtez.

Alemaniako ekonomiaren ahulaldia kezka da Europako Batasun osoan, hura delako blokearen motor ekonomikoa eta beste herrialdeei ere eragiten dielako. Euskal Herrian ere antzematen dela ohartarazten ari dira patronalak, Alemania baita, Espainiarekin eta Frantziarekin batera, esportazioen jomuga nagusia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.