Teknologia kuantikoak

Bigarren iraultza kuantikoan

Mekanika kuantikoaren formulazioak ehun urte beteko dituenean, datorren urtean, IBMren konputagailu kuantiko bat ezarriko dute Donostian. Teknologia kuantikoak aro berri batean daude, eta Euskal Herria iraultza horretan dago.

IBMren ordenagailu kuantikoetako bat, estalkirik gabe. GRAHAM CARLOW / IBM
IBMren ordenagailu kuantikoetako bat, estalkirik gabe. GRAHAM CARLOW / IBM
Irune Lasa.
2024ko urriaren 13a
05:00
Entzun

Bada denbora gizakiak mekanika kuantikoa erabiltzen duela, publiko orokorra jabetzen ez bada ere. «Soilik fisika kuantikoak azal dezake txip batean zer gertatzen den. Erresonantzia magnetikoekin atomoen spin magnetiko nuklearrak irakurriz gorputz barrua kalterik eragin gabe begiratzeko tresna boteretsua daukagu. Laserrek ere milaka aplikazio dituzte, eta horiek fotoien sinkronizazioari esker garatu dira, alegia, fisika kuantikoaren legeen barruan».

Baina orain jauzi handi bat egin dute teknologia kuantikoetan, esplikatu du Javier Aizpurua DIPCko (Donostia International Physics Center) zientzialariak. «Dagoeneko ez da soilik mekanika kuantikoa eta egoera kuantikoak erabiltzen ditugula; orain, hasi gara horiek menperatzen, teknologikoki kontrolatzen».

Finean, orain arte egoera kuantikoak erabili izan dira; hortik, transistoreak, laserrak eta erresonantzia magnetikoak. Baina orain, ikerlariak gai dira atomo bat edo elektroi bat bakartzeko, haren egoera kuantikoa kontrolatzeko, eta horrekin aplikazio teknologikoak garatzen hasteko. «Bigarren iraultza kuantikoa da», azaldu du Aizpuruak.

170

Euskal erakundeen inbertsioa milioika eurotan. Eusko Jaurlaritzak 120 milioi euro jarriko ditu datozen bost urteetan teknologia kuantikoetarako. Beste eragileen ekarpenarekin, guztira 170 milioi euro izango dira Basque Quantum estrategian (BasQ).

Hain zuzen, Basque Quantum (BasQ) estrategiaren zuzendari zientifiko gisa, Aizpuruaren helburu nagusia da Euskal Herria jauzi horren, iraultza horren parte izatea; «hor egotea, eta ahal den neurrian, liderra izatea teknologia kuantikoaren arlo batzuetan». Xede horretarako, zehazki, Eusko Jaurlaritzak 120 milioi euroko inbertsioa egingo du hurrengo bost urteetan, eta beste eragileek jarritakoarekin, kopurua 170 milioi eurora handituko da.

Gipuzkoako Aldundiak abian du jada bere estrategia ere, Gipuzkoa Quantum Hub programa, eta Bizkaiak aurkeztu berri du BiQain, Bizkaia Quantum Advanced Industries estrategia.

Gobernuak eta konpainiak jartzen ari diren dirutzek erakusten dute ikusmin izugarria dagoela teknologia kuantikoen aldi berriaren inguruan. Garapenak batez ere konputazio kuantikoan, komunikazioetan, kriptografian eta sentsorikaren alorrean espero dira, baita material berrietan ere.

Tokia hartzen

Txinak aurkeztu ditu zenbaki handienak: 15.000 milioi euro inguruko inbertsioa dauka aginduta, eta apustua batez ere komunikazio kuantikoko azpiegituretan egin du. AEBetan, berriz, urtero 1.200 milioi dolar inguru jartzen dituzte erakundeek eta horiek gehitu behar zaizkie Google, IBM, Intel eta beste konpainia handi batzuk inbertsio handiak egiten ari direla konputazio kuantikorako hardwarea garatzeko.

Europan, 2018. urtean eratu zuen European Quantum Flagship Europako Batzordeak, hamar urtetan, 1.000 milioi euroko funtsak jartzeko teknologia kuantikoetan. Horiei gehitu behar zaizkie herrialdeek euren estrategietarako jarritako diruak.

«Ondo garatuz gero teknologia kuantikoek zer ekar dezaketen kontuan izanda... Gobernuek ezin diote horri ezetz esan. Gehiago edo gutxiago, tren horretan egon nahi dute», esan du Aizpuruak

Apustu handien argazkia ere eskaini du BasQko zuzendariak: «Gobernu guztien posizionamendu bat dago: Europan oso ondo gaude funtsezko garapenean, atomo sareetan eta kontzeptuen garapenean. Baina egia da IBM eta Google, amerikar estiloan, ikuspegi praktikoan oinarritutako sistemak garatzen hasiak direla. Transmoiak (qubit supereroaleak) hautatu dituzte, eta abiatu egin dira».

Txinak, berriz, erabat estrategikoak zaizkion komunikazio kuantikoetan egin du apustu nagusia. «Txinak dauka gaur egungo munduko konexio kuantikorik luzeena; enkriptatze kuantikoari esker, herrialde osoa konektatu du oso era seguruan. Hor segurtasun nazionala dago jokoan».

JAVIER AIZPURUA, DIPC, BASQUE QUANTUM
Javier Aizpurua, DIPCko ikerlaria eta Basque Quantumeko zuzendari estrategikoa. MAIALEN ANDRES / FOKU

IBMren konputagailua

Eta Euskal Herrian? Herrialdeak teknologia kuantikoetan egin nahi duen apustuaren erakusgarria da datorren urtearen amaierarako Donostian ezarriko den IBMren konputagailu kuantikoa. Eta, aldi berean, erakusgarria da Euskal Herriak teknologia kuantikoetan tokitxo bat izateko dagoeneko dituen oinarriena ere.

«IBM hona etortzeko erabakia bi aldekoa izan zen», kontatu du Aizpuruak. «IBMk ezin du bere konputagailua emaitzak lortuko ez dituen toki batera eraman, nahiz eta toki hori oso ondo saldu dioten. Horixe kontratu bat dagoela; enpresa batek dirua irabazi nahi du, diruaren truke zerbitzuak eman. IBMk oraindik ez du dirurik ateratzen kuantikatik; haientzat inbertsio bat da. Eta bai, diru bat lortuko du euskal erakundeetatik, baina haiei ez zaie interesatzen edozein tokitan ezartzea».

Aizpuruaren esanetan, urtebete baino gehiago luzatu ziren eztabaidak IBMrekin. «Azterketa sakona egin zuten, hemengo ikerketa komunitateen trebetasunak ikusteko, arlo horietan konputazio kuantikoaren ahalmenak aplikatzeko gaitasunak neurtzeko. Eta ez hori bakarrik: ikusi zuten badagoela sare akademikoa, unibertsitateetan formazioa garatzeko, talde sofistikatu eta trebatuak eratzeko. Unibertsitatea, lanbide heziketa...» .

«Zera nahi dugu, norbaitek Euskal Herrian pentsatzen duenean, beste gauzen artean hau pentsatzea: ‘A, teknologia kuantikoen aditu asko daude hor’»

JAVIER AIZPURUABasque Quantumeko zuzendari zientifikoa

Herrialdearen izaera industriala ere izan da IBM erakartzeko arrazoietako bat, berrikuntzarako, teknologiak enpresetara eramateko tradizioa. Aizpuruak material berrien sorkuntzan ikusten du aplikazioa; «badugu bereziki adimena materialen zientzian; gai gara material berriak aurreikusi, osatu, probatu eta garatzeko».

Horrez gain, adibidez, konputazio kuantikorako softwareetan jarduteko asmoz dauden enpresak eta start-up-ak badira. Multiverse da ezagunena, 2019an Donostian sortua; 150 langile inguru ditu jada, eta bulegoak Espainian, Kanadan, Frantzia, Alemanian, Erresuma Batuan eta Italian. Bere nazioartekotzea areagotzeko, orain gutxi bilera sorta bat egin du Multiversek, eta 25 milioi euro lortu inbertsiogileetatik.

Edonola ere, ikerketa eta alderdi akademikoa dira BasQ Basque Quantum estrategiaren izar nagusia, haren zuzendari zientifikoaren ustez: «Zera nahi dugu, norbaitek Euskal Herrian pentsatzen duenean, beste gauzen artean hau ere pentsatzea: ‘A, teknologia kuantikoen aditu asko daude hor’. Hori nahi dut... Hemendik zazpi urtera».

Hots, Euskal Herria erreferentzia izatea. «Teknologia kuantikoetako Europa hegoaldeko erreferentzia izatea aipatzen zen hasieran», azaldu du Aizpuruak. «Ni handinahiagoa naiz; zergatik ez izan Europako erreferente? Egia da, Austrian, Innsbrucken, oso gauza ahaltsuak egiten ari dira; Herbehereetan ere bai, Delfen; Erresuma Batuan, Manchesterren... Badaude kokapen inportanteak Europan teknologia kuantikoetan; bada, guk Europako hamar horietako bat izan nahi dugu».

formazioaren garrantzia

Basque Quantum estrategiaren adar garrantzitsu bat formazioarena da. Izan ere, teknologia kuantikoetan formakuntza are bereziagoa da. «Esan dezakegu ez dela soilik teknikoa, baizik eta tekniko berezia», azaldu du Aizpuruak. Fisika kuantikoaren barruan metrologia kuantikoa, informatikan algoritmia kuantikoa... Halakoak daude». Eta formazioaren alorrean inpaktua lortu nahi du Basque Quantumek. Hain zuzen, BIM Basque International Master programaren lehen pilotua teknologia horietan izango da; lau unibertsitate ariko dira elkarlanean hor, enpresekin batera. Eta, Aizpuruaren arabera, «Basque Quantumeko alde akademikoak zeresan handia emango du datozen urteetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.