[Klik-klik-klik] Kasuen... [Zart!] Hil naute berriz.
Kaixo! Ni naiz berriz: bideojoko honetako zure laguntzaile birtual xarmanta! Begira, begira... Bazuka handi hau primeran etorriko litzaizuke kaiku horiek guztiak akabatzeko! Prezioa, bost ardit birtual: bazuka handia, merkea eta polita...
[Klik-klik-klik...] Joko arraioa, pantaila gainditu nahi badut bazuka pagatu beharko dut azkenean [klik].
Kaixo! Ni naiz berriz: bideojoko honetako zure laguntzaile birtual xarmanta! Begira, begira... Erruletan armadura berria lor dezakezu zure zaldun-ogro-azti-begigorriarentzat, dotore-dotorea. Bost ardit birtual bakarrik erruleta biraka jartzeko.
[Klik-klik-klik] Ooo.... Hori nahi dut [klik-klik-klik]!
Onena zara! Lehena zoaz! Pasatu duzu pantaila!
Onena nintzen... bankuko kontuan 40 euroko gastua ikusi dudan arte.
Bideojokoaren jabea ez dadila konturatu honetaz, baina, biok bakarrik gaudenez, esango dizut propio egiten dugula, jokoko diru birtualaren kopuruek ez dutela erakusten gastu erreala.
Demonio! Konturatu naiz, bai. Eta ez zarete bakarrak. Begira, nahiago nuke zuzenean zenbat den esatea; ordainduko nuke, eta ez nintzateke engainatua sentituko.
Hori esan du BEUC Europako Kontsumitzaileen Elkarteak bideojoko konpainien aurka jarri duen salaketan. Agertzen diren kopuruak engainagarriak direla, eta, hala, errazagoa dela gehiegi gastatzea. Activision Blizzard, Electronic Arts, Epic Games, Mojang Studios, Roblox Corporation, Supercell eta Ubisoft salatu dituzte; haienak dira, besteak beste, Fortnite, EA Sports FC 24, Minecraft eta Clash of Clans.
Salatzeko modukoa da eta. Gainera, zuk badakizu zenbat haurrek jokatzen duten horrelakoetan? Diru birtual nahasgarri horiekin, gai al dira ohartzeko zertan ari diren? A ze arriskua!
Bai, hori ere badiote salaketan. Eta ez dira gutxi bideojokoetan ibiltzen diren haurrak. Europako biztanleen erdiek baino gehiagok jokatzen dute bideojokoetara, baina haurren artean, 11 eta 14 urtekoen artean, portzentajea %84rena da. Ipsos inkesta etxearen arabera, Europako gurasoen hiru laurdenek diote haien haurrek ez dutela dirurik gastatzen bideojokoen barruan.
Jendeari askotxo irudituko zaio laurden batek horrelakoetan dirua gastatzea ere.
Ipsosek dio gurasoek jakinda joko barruko dirua eta harrapakin birtualak erosten dituzten haurrek 39 euro gastatzen dituztela horretan hilero, batez beste.
Dirutza ederra konpainientzat.
2020. urtean, konpainiek 46.000 milioi euroren diru sarrerak izan zituzten bideojoko barneko erosketei esker, haien sarreren laurdena. Haientzat bai, bideojokoa errenta da.