Biden upel bila ari da, edonon

Saudi Arabiarekiko jarrera bigundu du, eta AEBetan putzu gehiago baimentzekotan dago

Joe Biden eta Mohammed Bin Salman printzea elkar agurtzen, atzo, Jiddan. BANDAR ALJALOUD / EFE.
Iker Aranburu.
2022ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Hauteskunde kanpainan zegoela, Joe Bidenek esaldi biribil horietako bat bota zuen: «Ez ditut berriro AEBen printzipioak atean utziko petrolioa erosi edo armak saldu ahal izateko». Bi urte beranduago, horretan ari da. Printzipioen eta sakelaren arteko etengabeko dialektikan, Saudi Arabiari beste begirada bat ematea erabaki du Joe Bidenek.

Jamal Kashoggi kazetariaren hilketa krudelaren ondorioz —haren gorpua zatikatu egin zuten Saudi Arabiaren Istanbulgo kontsulatuan—, AEBetako presidentearen eta Saudi Arabiako Gobernuaren arteko harremanak hotz zeuden, oso hotz. Baina bero dago petrolioaren merkatua, eta horrek elikatzen duen inflazioari airea kendu nahi dio Bidenek, azaroko hauteskundeetan porrot egingo ez badu. Petrolioa merkatzeko bidea merkatuan upel gehiago jartzea da, eta hori egin dezakeenarengana jo du AEBetako presidenteak: Saudi Arabiara, alegia. Kashoggiren hilketaren ondoren «paria»bihurtu nahi zuena «80 urteko partaide estrategikoa» da atzera.

Berez, giza eskubideei buruzko kezka ez da inoiz izan oztopo handia Saudi Arabiaren eta AEBen arteko harremanetan. Aliatu historikoak dira, elkarri hainbat bekatu barkatutakoak, eta interes osagarriek batutakoak: petrolioa nahi dute AEBek, eta petrolioaren diruarekin erositako armak Saudi Arabiako monarkia autoritarioak, barne eta kanpoko etsaiengandik babesteko.

Harreman hori konpontzeko, Jidda hirira iritsi zen atzo Biden, eta han hitz egin zuen Mohammed bin Salman de facto Saudi Arabiako buru denarekin, eta, uste denez, Kashoggiren hilketa agindu zuenarekin. Urruntasun pixka bat erakusteko, eskumuturrak joz agurtu zuten elkar; Salman bin Abdelaziz erregeari, ostera, eskua eman zion.

Iragarpen jakinik ez zen espero bilera horien ostean. Ezer etortzekotan, irailetik aurrera etorriko da, Saudi Arabia buru duen LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundearen eta Errusiaren arteko hitzarmena agortzen denean. Izan ere, Washingtonen kezkarako, Saudi Arabiak eta bere aliatu arabiarrek harremanak estutu dituzte azken urteetan Vladimir Putinekin, interes komun baten ondorioz: petrolioaren prezioa igotzea.

2020an, konfinamenduak hasi eta petrolio kontsumoa amildu zenean, Saudi Arabiak ekoizpenari eutsi eta bere lehiakideak merkatutik botatzen saiatu zen, bere ekoizpen kostua txikiagoa delako. Baina hainbeste merkatu zen upela —27 dolarrera amildu zen—, hari ere kalte egin baitzion, eta, ziaboga historiko batean, Errusia eta haren aliatuengana hurbildu zuen kartela. LPEE taldean bilduta, Riad eta Mosku buru zirela, petrolio ekoizpena asko txikitu zen, eta horrekin batera hasi zen prezioa igotzen, itxialdiak amaitu eta berehala. Iturria poliki ari dira irekitzen orduz gero, eta beren kutxak ederki betetzen, eskaria nekez betetzerik duen eskaintzak upela 2008ko marka historikoetara hurbildu duelako.

Abuztuaren amaieran da ekoizpena pandemia aurreko mailara itzultzekoa. Hortik aurrerako ekoizpenean eragin nahi du Bidenek, eta horregatik eskatuko dio Saudi Arabiari upel gehiago ekoizteko. Trukean, espero da AEBei eskatuko diotela babes handiagoa eman diezaiela Iranek berriro haren petrolio azpiegiturei eraso egiten badie, eta demokratak konbentzi ditzala arma salerosketa gehiago baimentzeko. Oso haserre dago demokraten adar ezkertiarra, Saudi Arabiak eta aliatuek, Yemengo gerra zibilean ez ezik, barne disidenteekin ere oso bortitz jokatu dutelako.

Beste kontu bat da Saudi Arabiak petrolio ekoizpena handitu ote dezakeen. Gaur egun, egunean 11 milioi upel ekoizten ditu, eta asko jota beste milioi bat ekoitzi dezake. Baina, hori egingo balu, ezingo lituzke konpentsatu LPEEko beste kideek izan ditzaketen galerak.

Bidenen beste eskaera bat izango da Riadek lagun diezaiola Errusiako petrolioaren prezioari gehienezko prezio bat jartzen. Neurri horren helburua da Moskuk petrolioa saltzen jarraitzea, merkatuan nahikoa egon dadin, baina ez dezala haren truke diru asko lortu.

Alaska eta golkoa

Baina, Saudi Arabian ez ezik, etxean ere handitu nahi du Bidenek petrolio ekoizpena. Frackingaren bidez, AEBak munduko ekoizle handiena izan dira 2018az geroztik —16,5 milioi upel egunean iaz—. Agintera iristean, Bidenek agindu zuen eremu federaletan erregai fosilak ustiatzeko proiektu berriak geratuko zituela, baina, erregaiak gasolindegietan hartu duen prezioa ikusita, kontrakoa egitekotan da.

Iragan astean, Alaska iparraldean ConocoPhillipsek ustiatu nahi duen proiektuari ingurumen baimena eman zion, eta, dirudienez, aurki emango dio azken baimena. Egunean 180.000 espero dituzte putzu horietan. Mexikoko golkoan, berriz, hamar proiektu baimentzeko prozesua abiatzeko prestatzen ari da Bidenen gobernua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.