Egun gutxi gelditzen zaizkio Joe Bideni Etxe Zurian, baina oraindik AEBetako presidente dena ez dago gora begira, eta bere azken erabaki entzutetsua izan daitekeena hartu du: Japoniako NSC Nippon Steel Corporation altzairu multinazionalak USS United States Steel konpainia eros dezan eragotziko du. Beto horrekin Bidenek aurka egingo die USSren akziodunen asmoei, apirilean esan baitzuten begi onez ikusten zutela 14.500 milioi euroko eskaintza.
Donald Trump AEBetako presidente hautatuak esana zuen operazioa blokeatuko zuela muga zergen eta pizgarrien bitartez, baina Bidenek aurrea hartu dio. Protekzionismo ekonomikoaren aldekoa izan zen Trumpek kanpainan gehien aipatu zituen mezuetako bat, eta Bidenek haren enbidoa onartu du. Atzerriko konpainia batek AEBetako bat erosi nahi badu, gobernuaren oniritzia behar du, eta Bidenek ahalmen hori baliatu du Japoniako diruari atea ixteko. Argudiatu du erosketak arriskuan jarriko lukeela «segurtasun nazionala».
Nippon Steelek 2.800 milioi euroren inbertsioak iragarri zituen, eta USSko akziodunek begi onez ikusi zuten salmenta
Nippon Steel iaz altzairu gehien ekoitzi zuten konpainietan laugarrena izan zen (43 milioi tona); USS, berriz, 24.a (15,7 milioi tona), eta bien arteko batuketak hirugarren postura igoko luke NSC. USS konpainiak 85.000 langile ditu, Pittsburghen du bulego nagusia eta AEBetako industriaren ikurretako bat da, baina izan ditu garai hobeak.
Hura erosteko negoziazioak hasi zituenean, NSCk iragarri zuen 2.800 milioi euroren inbertsioak egingo zituela azpiegituretan, «Txinako altzairuaren aurka lehiatzeko», eta horrek konbentzitu zituen akziodunak. Konpainiak, halaber, aurreratu zuen bere asmoa zela «AEBen altzairu premia AEBetako langileek AEBetako lantegietan ekoitzitako produktuekin asetzea». Mezu nazionalista zabaldu zuen mesfidantza baretzeko asmoz.
AEBetako atzerriko inbertsioen batzordeak abenduaren 23an jakinarazi zion Bideni NSCren asmoa irmoa zela, eta Japoniako konpainiak esan zuen espero zuela AEBetako Gobernuak egoera era objektiboan aztertzea. Baikortasuna, baina, atsekabe bilakatu da, eta, Financial Times-en arabera, NSCek auzitara joko du AEBetan, erabakia salatzeko. Argudiatu dute bazkideen oniritzia nahikoa berme dela.
'Financial Times'-en arabera, Nippon Steelek AEBetako Gobernuaren aurka egingo du epaitegietan, eta baliteke auzi horrek krisi diplomatiko bat sortzea bi herrialdeen artean
Bidenek, bide batez, su bat piztuta utziko dio Trumpi. AEBetako hedabideetan zabaldu denez, aholkulari batzuek esan zioten ez blokeatzeko eragiketa, Japoniarekin krisi diplomatikorik ez pizteko. Hark, baina, ez die kasurik egin. Esan bezala, sua utzi dio Trumpi, baina presidente hautatuak hitza betetzen badu, sute gehiago piztuko ditu.
NSCk helegitea aurkeztu eta auzibide luze bat hasi aurretik ere, USSk bizkarreko handia hartu du New Yorkeko burtsan. Erosketaren oihartzunak eragin handia izan du haren balioen prezioan, eta gorabehera handiak izan ditu azken hilabeteetan. Atzo, esaterako, 32 dolarrean zeuden, duela hilabete baino %13 merkeago.