Bide bananduetara

Ulmako eta Oronako bazkideek Mondragonetik irteteko proposamena babestu dute. Korporazioak bozketen emaitzak onartu ditu, eta aro berri bati ekingo dio

Ulma taldeko kooperatibetako bazkideek Donostian egin zuten ezohiko batzar nagusia, Illunben, atzo goizean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
aitor biain
2022ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Ulma eta Orona kooperatibek bide propioari ekingo diote Mondragon korporaziotik kanpora. Hala erabaki dute bazkideek, beren boto eskubideaz baliatuta, ezohiko batzar nagusi banatan. Erabakia inflexio puntu bat da, hala bi kooperatibentzat, nola Arrasateko taldearentzat; azken hamarkadetan ereindako lankidetza eredua alboratzea ekarriko baitu batzuentzat, eta erronka berriei beste antolaketa modu batekin erantzutea besteentzat. Edonola ere, eta jarduera ekonomikoan izan ditzakeen ondorioez harago, orain galdera nagusia da ea gai izango diren epe laburrera proiektu kooperatiboaren lotura batzuei eusteko.

Kontseilu errektoreek aurkeztu zuten proposamena, eta langileek baietz esan zioten; gehiengo zabalarekin babestu zuten, gainera. Ulman, langileen %80,52k bozkatu zuten korporaziotik irtetearen alde. Taldeko kooperatiba guztietan nagusitu zen aldeko emaitza. Oronan, berriz, langileen %70 inguruk bozkatu zuten korporaziotik ateratzearen alde.

«Agindu argia jaso dugu», adierazi zuen Lander Diaz de Gereñu Ulma taldeko lehendakariak, bozketa amaitu berritan egindako balorazioan, eta gogorarazi zuen enpresaren «bidea» bazkideek erabakitzen dutela. Azpimarratu zuen euskal kooperatiben «arrakasta ereduaren parte» direla, eta bere balioak defendatu eta babestuko dituztela aurrerantzean ere. «Hori egiteko modurik onena Ulma industria talde kooperatibo indartsu bihurtzea da».

Beste harreman bat

Oronak ere, ohar bidez, nabarmendu zuen «kooperatibaren subiranotasun osoa berreskuratzea» babestu zutela bazkideek hautetsontzien bidez. Oier Lizarazu Oronako lehendakariak prozesuaren garrantzia azpimarratu zuen, eta gogorarazi 80 informazio saio baino gehiago egin dituztela kooperatibaren etorkizuna eta mugimendu kooperatiboari egiten dion ekarpena bermatzeko «hain garrantzitsua den» erabakia hartu baino lehen.

Hain zuzen, kooperatibetako kideen arabera, Mondragonen eta Ulmaren eta Oronaren kudeaketa ereduek talka egiten dutelako hartu dute erabakia. Eta bi kooperatibek korporazioan egun duten lekuarekin eta harekin dituzten loturekin deseroso daudelako. Beste harreman eredu bat nahi dute Mondragonekin. Korporazioari atxikitako kooperatiba izateari utzi, eta hitzarmenen bidezko lotura bat garatuko dute hemendik aurrera.

Hogei urte egin ditu Oñatiko kooperatiba taldeak (Gipuzkoa) Mondragoneko kide gisa. 2002an batu zen korporaziora, taldearen bereizgarritasunei eusteko baldintzarekin. Izan ere, talde kooperatibo propioa izatea lehenetsi zuen Ulmak 1990eko hamarkadaren hasieran, eta enpresa taldean ez sartzea erabaki zuen hasieran. Bederatzi kooperatibak osatzen dute gaur egun Ulma taldea, 5.000 langiletik gora ditu; 900 milioi baino gehiago fakturatzen dituzte denen artean.

Oronak, berriz, mende erdi baino gehiago egin du: 1968tik dago Mondragoni atxikita. Hernaniko (Gipuzkoa) igogailu ekoizleak 5.000 langile baino gehiago ditu gaur egun, eta, azken urteeko bolada onari esker, sendo hazten ari da, nazioartekotzea eta berrikuntza ipar hartuta. 800 milioi euroren baino gehiagoren salmentak lortu zituen iaz kooperatibak, eta erreferentziazko tokia lortu du sektorean.

«Etapa berri bat»

Bozketaren emaitzak ezagututa, Mondragonek amaitutzat eman zuen afera, eta azken egunetako ika-miketatik urrun, errespetuzko hitzak izan zituen bi kooperatibentzat. Ulmako eta Oronako bazkideek hartutako erabakiak «erabat» errespetatzen dituela adierazi zuen korporazioak. Esan zuen bide ona opa diela bi kooperatibei, eta espero duela bien enpresa proiektuek eta eredu kooperatiboek bilakaera ona izatea etorkizunean ere.

«Ilusio mezua» igorri zuen korporazioak, nolanahi ere, bere negozioak bolada onean direlako, eta gaur egun lantzen ari diren proiektuak eta Mondragonen eredu kooperatiboa bera egokiak direlako «merkatuen erronkei aurre egiteko eta gizarte kohesionatuagoak eta iraunkorragoak eratzeko».

Ulmaren eta Oronaren erabakiak, baina, aro berri bat zabalduko du Mondragonen, eta korporazioak ere ez zuen ezkutatu hori: «Etapa berri bat» hasiko duela esan zuen, eta interkooperazio eta elkartasun balioetan arreta jarrita egingo duela bide hori. «Ezaugarri horiei esker kooperatibek, modu erabat autonomo eta librean, beren enpresa proiektuak zabaldu ahal izan baitituzte eta, zailtasun egoerak igaroz gero, multzoaren elkartasuna izan».

Ulmak eta Oronak iraganeko mamuak azaleratu dituzte, ordea. Izan ere, itxita zeudela zirudien zaurietan arrakalak egin, eta zalantzan jarri dituzte kooperatibek azken ureetan lortutako adostasunak. Horregatik, ikusteko dago nola eragingo dion honek guztiak korporazioari aro berri honetan. Gauza bat ziurra da: aldaketak ekarriko ditu.

Batetik, Mondragonen gihar industrialari eragingo dio. Bi kooperatibek korporazioaren lanpostuen %13 dituzte, salmenten %15, eta irabazi gordinen %20. Hutsune handia da hori, eta ikusteko dago zer ondorio izango dituen haren jardueran eta eragiteko gaitasunean.

Beste zalantza da nola eragingo dion taldearen antolaketari eta batasunari; hots, Mondragoneko beste kooperatibaren batek emaitzak ikusi eta tentaldia izango duen edo ez bide bera hartzeko. «Argi eta garbi, ez», esan zuen Iñigo Uzin presidenteak. Aitzitik, azpimarratu zuen bi kooperatiben mugimenduak kontrako norabidean egin duela bultza; batzuen alde egiteak besteen atxikimendua indartu duela, alegia. Adierazi zuen taldea inoiz baino batuago dagoela eta elkarren arteko loturak indartsuagoak direla.

Eusko Jaurlaritzak ere ez du zalantza egiten Mondragonen jarduerak «indartsu» jarraituko duela. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak aitortu zuen, halere, industria «antolaketa eredu berri baten aurrean» dagoela, eta elkarrekin lan egitea dagokiela guztiei, lehiakorrak izaten jarraitu dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.