Biba Ardoak kooperatiban batu dira Euskal Herriko hamalau upategi ekologiko

Salmentak indartzeko helburua du proiektuak. Ardoa ekoizten den lurralde guztietako upategi batzuk atxiki dira, sor-marka denetakoak

Ardo dastaketa atzo, Biba Ardoak plazaratzeko ekitaldian. ANDONI CANELLADA /FOKU.
xabier martin
Donostia
2020ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Hamalau upategik osatu duten kooperatiba bat plazaratu zuten Donostian, atzo, upategi txikiek beren ardoa saltzeko dituzten zailtasunak leundu nahian. Biba Ardoak elkartean batu da ardo ekologikoa egiten duen mahastizain eta ardogileen talde hori; ardoa egiten den Euskal Herriko lurralde guztietako ordezkariak daude, jatorri ize desberdinetakoak, baina denek dituzte ezaugarri komun batzuk: upategi txikiak dira, eskualdeetan oso sustraiturik, eta «espekulazio eta negozio hutsetik» ihes egin nahi dute. Ardoaren inguruan «kultura herrikoia» sustatzen dutela azaldu zuen Lantziegoko (Arabako Errioxa) El Mozo upategiko ordezkari Itsaso Compañonek. «Amesten dugun herria eraikitzen ari gara gure mahastietan», esan zuen, mahastizain eta ardogile txikiei «matxinatzeko eta ahalduntzeko» dei eginez.

Araba, Nafarroa, Nafarroa Behere, Bizkai eta Gipuzkoako hamahiru upategitako ordezkariek beren ardoak eman zituzten probatzera; aurrez aurre Donostialdeko ostalari talde bat izan zuten, «ardo ekologikoa eta biodinamikoa» banatzeko kooperatiba babestu duena. Bizkaiko Ulibarri txakolindegikoek ezin izan ziren egon; artzainak ere badira Iker eta Asier Ulibarri, eta antolatzaileek azaldu zuten egunotan bildotsak sortzen ari direla.

Oso argi utzi zuten kalitatea lehenesten dutela kantitatearen aurretik; «gure ardo guztiak nekazaritza ekologikoan ziurtatutako mahastietako mahatsekin eginda daude. Horrela, gure ingurua, gure osasuna eta gure ardoa edaten dutenena zaintzen, babesten eta berreskuratzen laguntzen dugu». Egiten duten lanaz harro daudela adierazi zuten, eta erantsi ardoaren sektorea «espekulazioak eta iruzurrak» hartu duela azken urteetan. Ardoa negozio bat baino askoz gehiago delako mezua sarritan errepikatu zuten, bizitzeko modu bat dela, alegia, lurrari bizkarra eman gabe aurrera egiteko modu bat, gizarte orekatu batean.

Kooperatibak kide gehiago hartuko dituelakoan daude, eta «hasi besterik» ez direla egin. Ardoaren sektorea «biziberritzeko» saioan buru-belarri ariko direla gaineratu zuten.

Arabako Mahastiak

ABRA da kantitatearen bidetik ez baina kalitatearen bidetik aurrera egin nahi duen beste ardo elkarte bat, Arabako Errioxako Upeltegien Elkartea, eta, horretarako, Arabako Mahastiak zigilua sortzeko saioan da. Bada Errioxako izendapenak «indarrik handienarekin» egingo du jatorri izenaren proiektu horren aurka. Hala esan zuen atzo Errioxa sor-markako zuzendari nagusi Jose Luis Lapuentek. Proiektua onartu du Eusko Jaurlaritzak, eta Espainiako administraziora bidali aurretikhelegitea jartzeko tartea ireki du. Oso argi dago Errioxako izendapenak helegiteak aurkeztuko dituela.

ABRAko presidente Saul Gil Berzal Donostiako ekitaldian zegoen atzo, Biba Ardoak kooperatibako kideetakoa bat denez, eta BERRIAri esan zion «oso argi» dutela aurrera egingo dutela zigilu berriarekin. «Arabako Mahastiak aurrera doa. Badakigu ahal dutena egingo dutela horren aurka, baina desberdintzeko premia gero eta handiagoa da guretzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.