Bi urterako lana badute

'Tax lease' berriari esker, 11 kontratu eskuratu dituzte ontziolek.Petrolio merkearen eraginez, hainbat eskaera ez dute ixterik lortu

Miren Garate.
2015eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Europako Batasunak ontziak finantzatzeko tax lease sistema berriari oniritzia eman izanak arnasa eman die Gipuzkoa eta Bizkaiko ontziolei. 11 kontratu lortu dituzte ordutik; beste bi ere eskuratu ditu Sestaoko Navalek, finantzaketa mekanismo hori gabe. «Oraindik ez dira uxatu zalantza guztiak, egoera ekonomikoa konplexua baita, baina sektoreak erakutsi du lehiakorra dela, tax lease-arekin edo gabe», adierazi du Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako sailburuak, ontzioletako ordezkariekin egindako bileraren ostean. Bi urterako lana bermatuta daukate ontziolek.

Besteak beste, Zumaiako Balenciaga petrolio plataformak hornitzeko itsasontziak ari da egiten Eskoziako enpresa batentzat. Murueta atunontziak egiten ari da Bretainiako armadore batentzat, Erandion eta Muruetan (Bizkaia). Zamakonak ere arrantzontziak eta plataformetarako ontziak ditu karteran, Santurtzin eta Pasaian. Eta Navalek dragaontziak, ferry bat eta offshore energiaren merkatuan lan egingo duen ontzi bat ditu eskaera zorroan.

Javier Lopez de Lacalle Euskadiko Itsas Foroko presidentearen esanetan, urte amaieratik nabari dute hobekuntzarako joera. Hain zuzen, abenduan jakinarazi zuen Europako Batasuneko Auzitegi Nagusiak balekoa zela Espainiako Gobernuak indarrean jarritako tax lease sistema. 2012an onartu zuen, baina Herbehereek sistema ikertzeko eskatu zioten Bruselari. Ziurgabetasun horrek eraginda, kontratuak sinatzeko zailtasunak izan dituzte ontziolek.

Orain, hobekuntzarako joera horrek jarraipena izango duela uste du Itsas Foroak. Adierazi du tax lease-ari esker «berdinetik berdinera» egin dezaketela lehia. Finantza erakundeen likidezia egoera ere hobetu dela azaldu du, eta horri esker proiektuak nahiz eguneroko gastuak finantzatzea errazagoa dela. Halaber, bermeak merkeagoak dira eta euroaren ahuleziak mesede egiten du dolarra darabilten merkatuetan. Lopez de Lacalleren esanetan, enpresak eta enplegua ere galdu dira krisia hasi zenetik, baina horri esker merkatuaren premietara doitu dira tamainan. «Lehen ahulezia zena indargune izango da etorkizunean, lehiakorragoak izango direlako».

Ez atzera, ez aurrera

Beste zenbait sektorek petrolioaren merkatzea ere sartzen dute abantailen artean. Ontziolei, ordea, mesede baino gehiago kalte egin die Brent upelaren salneurri baxuak. Gas naturala eta petrolioa garraiatzen duten ontzietan daude espezializatuta, eta hainbat balizko kontratu aurrera egin ezinda daude. «Hainbat kontratu ixtear geunden. Ez dira bertan behera geratu, baina ez aurrera ez atzera daude. Zain gaude ea nolako bilakaera izaten duen petrolioak». Itsas Foroaren arabera, 60 dolarretik gora da errentagarria petrolioa ateratzea, eta gaur egun maila horren azpitik dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.