Bi urteko gaixo baimenaren ondoren kaleratu zuten langilea berriz hartu beharko du enpresa batek

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetzat jo du langilearen kaleratzea, diskriminazioagatik.

Bilboko Justizia Jauregiaren artxiboko irudi bat. BERRIA
Bilboko Justizia Jauregiaren artxiboko irudi bat. BERRIA
pettan uralde
2024ko maiatzaren 13a
12:05
Entzun

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak baliogabetzat jo du lan istripu baten ondorioz bi urtez gaixo baimenarekin egon zen langile baten kaleratzea. Epaiak langilea berriro onartzera eta 12.000 euroko kalte ordaina ematera behartzen du enpresa. Gainera, eta EBko Justizia Auzitegiaren urtarrileko epai bat lehen aldiz aplikatuz, langilea lanpostuz aldatzera behartu du konpainia.

Epaia duela gutxi eman dute, eta CCOOko zerbitzu juridikoek aurkeztutako salaketa bati erantzuten dio. Redes CAAB Oeste UTE Gestagua Intxausti enpresari dagokio, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren azpikontrata bati.

Langileak istripua izan zuen bere lanpostuan zela, eta belauneko patologia bat eragin zion. Hori dela eta, langileak bi urteko gaixo baimena izan du. Lanera itzuli ondoren, prebentzio zerbitzuak «ezgaitzat» jo zuen, eta enpresak kaleratu egin zuen, lanpostura «egokitzea ezinezkoa» zela argudiatuta. 

EAEko Auzitegi Nagusiaren arabera, enpresak ez du nahikoa ahalegin egin langileari beste lanpostu bat emateko, eta, EBren arauari jarraituz, ezin du langilea kaleratu. Epaiak argudiatu duenez, bi urteko gaixo baimena irizpide gisa erabili behar da langilearen «desgaitasuna» baieztatzeko, eta ez «gaixotasun soila»; EBren arauak dio ezin dela inor baztertu bere desgaitasunaren ondorioz.

Epaiak, kaleratzea baliogabetzat jotzeaz gain, langilea berriro onartzera behartzen du enpresa. Horrez gain, uste du jarduerak berdintasunerako eskubidea «urratzen» duela, eta, beraz, enpresak berak langileari 12.000 euroko kalte ordaina eman behar diola ezartzen du.

CCOOk nabarmendu du lehen aldia dela justizia auzitegi nagusi batek bere egiten duela EBko Auzitegiaren epaia, eta Espainiako Gobernuari eskatu dio kaleratzeei buruzko araudia berritzeko, epaira egokitzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.