Gipuzkoako Auzitegiak baieztatu egin ditu 2020an Victor Bravo Gipuzkoako Ogasuneko zuzendari ohi eta EAJko senatari izandakoari leporatutako karguak. Kataluniako enpresa bati Gipuzkoan bakarrik zeuden onura fiskalak jasotzen lagundu zion. Hala ere, kartzela zigorra murriztu diote: zazpi urtetik bi urte eta erdira. Sententzia ez da errekurritzen ahal.
Gainera, Bravok 1,3 milioi euro baino gehiagoko isuna ordaindu beharko du, eta galdu eginen du diru laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera, baita zerga onurak eta Gizarte Segurantzakoak izateko eskubidea ere —zazpi urte eta bost hilabetez—.
Bravoren bazkide Fernando Isidoro Gonzalez Enfedaqueri —Air Madrid konpainiako buru ohiari—, berriz, 23 hilabete eta 29 eguneko zigorra ezarri diote. Milioi bat euro baino gehiago ordaindu beharko ditu, eta galdu eginen du diru laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera, baita zerga onurak eta Gizarte Segurantzakoak izateko eskubidea ere –sei urtez–.
Garai hartan indarrean zegoen Zigor Kodea aplikatu dietelako murriztu diete zigorra. Duela lau urteko sententzian, berriz, egungo kodea aplikatu zuten, eta horregatik zen zigorra altuagoa.
Akusazioak, baieztatuta
Epaiak berretsi egin ditu 2020an epaitegiak frogatutzat eman zituen gertakariak, eta, beraz, Bravo beharrezko kolaboratzailea izan zela hiru delitu fiskal egiteko. Testuaren arabera, Gipuzkoako Foru Ogasuneko zuzendari izan zen garaian (1995-2003) hasi zen Bravo tratu pribilegiatua ematen bere merkataritza sozietateari —2001. urtean sortutakoa— eta harekin lotutako bertze zenbaiti. Horren ondorioz, 2003ko, 2004ko eta 2006ko ekitaldietan zergetan 1,6 milioi euro inguru ez ordaintzeko aukera izan zuen.
Bravok Gipuzkoako Foru Aldundiak 1996. urtean Enpresak Sustatzeko Sozietateentzat (ESS) sortutako zerga erregimen berezia baliatu zuen. Glass Costa enpresaren egoitza fiskala Gipuzkoan ezarri zuen, «abantaila fiskal nabarmenak» eskuratzeko, nahiz eta Gipuzkoan jarduerarik ez izan. Eta onura horiek lortu zituen Glass Costaren egoitzan erregistratu ziren Gipuzkoa kanpoko bertze hainbat enpresa eta norbanakoentzat ere. Glass Costak, berez, Cambrilsen (Tarragona, Herrialde Katalanak) zeukan jarduera nagusia: hotelen eta higiezinen negozioan aritzen zen. Gipuzkoako erregimen bereziaz baliatzeko, ogasunean eskaria egin behar da, eta hark begiratu behar du eskatzaileek baldintzak betetzen dituzten ala ez.