Bi ureratze, eta hasperen bat

Balenciaga ontziolak motor hibridodun ontzi bat ureratu du, eta Muruetak, arrantzontzi lantegi bat. Navalen nasako ontzi bakarraren finantzaketa argitzear dago oraindik. Bideoa albistearen amaieran.

Balenciagaren 'Norwegian Gannet', atzo, Zumaian. GORKA RUBIO / FOKU.
Jon Fernandez.
2018ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Ez da ohiko argazkia: bi itsasontzi ureratzea egun berean. Halaxe izan zen atzokoa, 18:00 inguruan Euskal Herriko kostaldeko bi portutan bi ontzi uretaratu zituzten bi ontziolak. Murueta ontziolak Sisimut arrantzontzia uretaratu zuen Erandion (Bizkaia), itsas gaineko faktoria eta izozkailu ere izango dena; halaber, Balenciaga ontziolak (Zumaia, Gipuzkoa) Norwegian Gannet izokinontzia ureratu zuen, lehenengoa motor elektriko hibridoduna. Puntako teknologiadunak bi-biak. Alabaina, Erandioko eta Zumaiako moiletan ikusmina nagusitu zen egun berean, Sestaoko ontziolan hasperen batean zeuden. Navalen etorkizuna erraztu edo konplikatu dezakeen erabakiaren zain daude langileak: nasako ontzi bakarraren jabeak eta bankuek ontzia amaitzeko akordioa lortu duten ala ez. Beste berba batzuetan esanda, ontziola likidaziotik salbatzeko denbora irabaziko ote duten ala ez. Atzo bilera bat izan zuten bankuek, armadoreak eta ontziolak; azken horretako iturriek Europa Press agentziari esandakoaren arabera, ez zen akordiorik izan, eta hurrengo egunotan berriro bilduko dira. Itxaropen pixka bat eman zuen Navalek: «Bankuek orain prestutasun gehiago dute laguntzeko, baina armadorearen erabakiaren zain gaude».

Naval konkurtsoan dago iazko urriaz geroztik. Zor handia pilatu du azken urteetan, tax lease auziaren osteko kontratu batzuetan emaitza ekonomiko txarrak harilkatuta. Eta langileak aldi baterako erregulazioan daude: zuzeneko langileak 181 dira, baina zeharka 1.500 behargin izaten ditu. Zorrek amildegira eraman du ontziola historikoa, eta inbertitzaile berrien behar gorria dauka.

Zuzendaritzak hogei hilabete irabazi nahi ditu, tarte horretan jarduerarik ez geratzeko eta ontziola bereganatzeko asmoa duen inbertitzaile bat erakartzeko. Vox Alexia-k eman diezaioke hogei hilabeteko arnasa hori, Van Oord Herbehereetako armadorearen dragak. Ontziaren kroskoa baino ez dago eginda nasan.

Finantzaketa arazoak dauzka armadoreak, eta hilabeteak daramatza sei bankurekin negoziatzen. Seiko taldea, ordea, ez dago prest mailegu gehiago emateko. Negoziaziorako epea herenegun amaitu zen arren, negoziaketek «eperik gabe» jarraitzen dute.

Navaleko langile batzordeko iturriek BERRIAri azaldu diotenez, bi aukera daude. Lehen aukera: bankuek finantzaketa osatzea, eta draga eraikitzen jarraitzea. Bigarren aukera, dezente konplikatuagoa: bankuek iturria itxiz gero, Van Oordek berehala eskatuko die itzultzeko aurreratutako 42 milioi euroak. Baina, kasu horretan, Vox Alexia-ren kroskoaren jabetza bankuena izango litzateke. Armadoreak akordioa egin beharko luke bankuekin kroskoa erosteko. Bankuek galdutako diruaren zati bat berreskuratuko lukete, eta armadoreak, ontziaren hezurdura. Gero, Van Oordek 46 milioi lortu beharko lituzke, ontzia amaitzeko Navalen, zuzenean berak ordainduz langileei eta hornitzaileei.

Egon badago hirugarren aukera bat ere, baina Navaleko langileek nahiago dute pentsatu ere ez egin: bankuek kroskoa salduko ez balute, desegin egingo lirateke armadorearen asmoak, eta asko zaildu ontziola hogei hilabetez irekita mantentzeko intentzioa.

Puntako teknologia

Bien bitartean, ospakizun egunak izan dira Murueta eta Balenciaga ontzioletan. Muruetak Royal Greenland armadorearentzat egin du Sisimut ontzia, alegia, Groenlandiako Gobernuarentzat. Eraikuntza «aurrerapauso sendo bat» izan da ontzigile bizkaitarra arrantzontzien puntako teknologiaren arloan indartzeko. Atzo ureratu arren, datorren urtean emango diote baporea, amaituta, armadoreari.

Ontzia 82 metro luze da, eta, arrantzatzeko ez ezik, barruan produktua lantzeko aukera izango du; hau da, erabat automatizatutako lantegi bat ere izango da. Bertan, arraina arrantzatu eta gero, arrainari burua kenduko diote, eta xerratan banatuko dute; jarraian, paketeetan sartuko dute, eta ontziko bodegetan izoztuko dute. Itsasontzia porturatzerako, produktua prest egongo da merkaturatzeko.

Muruetak «ur gaineko lantegi» gisa izendatu du, eta, zehaztu duenez, arraina guztiz aprobetxatuko dute. Buruak, hezurrak eta erraiak bestelako produktu batzuk egiteko erabiliko dituzte, hala nola arrain hirinetarako eta arrain oliotarako.

Halaber, Balenciagaren Norwegian Gannet ontziak ere puntako teknologia izango du, eta ur gaineko lantegia izango da. 94 metro luzeko ontzia Hav Line Gruppen Norvegiako konpainiarena da, eta izokina garraiatzeko erabiliko du: Norvegian hazitako izokinak eramango ditu Danimarkako Hirtshals portura, han paketatzeko, eta handik, nagusiki, Asiara, saltzeko. Itsasontziaren jardunak urtero 7.000 kamioiren joan-etorriak ordezkatuko ditu, eta isuri gutxiago egingo ditu, motor hibridoa daukalako: diesela, bateria batzuez osatuta. Uda amaieran jasoko du jabeak.

[youtube]https://youtu.be/wnc2V-NyqHU[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.