Zaharberritzen ari ziren etxe bat erori da Bilbon, eta bost langile zauritu dira

Lehen hipotesiaren arabera, zabor gehiegi pilatu da eta horrek eragin du solairu bat erortzea.

Bilboko Dendarikale, istripuaren ondoren. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bilboko Dendarikale, istripuaren ondoren. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete-Iñigo Astiz
2024ko maiatzaren 9a
11:15
Entzun

Bilboko Zazpikaleetako eraikin baten zatia erori egin da gaur goizean, barruan lanean ari zirela. Bost langile harrapatu ditu erorketak, baina bakar batek ere ez du zauri larririk.

Dendarikalen gertatu da istripua, 24. zenbakian, 10:30ean. Juan Maria Aburto Bilboko alkateak azaldu duenez, etxebizitza bat konpontzeko lanetan ari zirela, laugarren solairuko forjatua erori egin da, behetik gora puntalatzen ari zirela. Habeak zaharrak zirela esan du. Hipotesia da zabor gehiegi pilatu dela eta horregatik erori dela solairua. Etxea zaharberritzeko behar zituzten lizentziak bazituztela baieztatu du Aburtok.

Ezbeharrak kezka handia eragin du, baina ondorioak ez dira hasiera batean uste zitekeenak bezain txarrak. Barruan zeuden bost langileetatik bi beren kabuz atera ahal izan dute etxetik. Beste hiruk, berriz, suhitzaileen laguntza behar izan dute. Horietako bat ateratzeko denbora gehiago behar izan dute, femurra eta gerria apurtuta zeuzkalako. Gurutzetako eta Basurtuko erietxeetara eraman dituzte langileetako hiru. Beste biak han bertan artatu dituzte osasun zerbitzuek.

Udaltzainek Dendarikale itxi dute, eta peritoen eta arkitektoen esku geratu da etxebizitza zehazki zergatik erori den erabakitzea. Alkatearen esanetan, oraingoz badirudi ez dagoela etxearen aurrealdea erortzeko arriskurik, baina litekeena da barruko egitura oso hondatuta izatea. Eraikin osoan ari ziren lanetan, eta ez zegoen bizilagunik.

Urtea hasi denetik 22 lagun hil dira Euskal Herrian lanean ari zirela, LABen zenbaketaren arabera. Horietatik lau izan dira eraikuntzako langileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.