Atzo iluntzean sua piztu zen Iurretako (Bizkaia) Arriandi industrialdeko enpresa batean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, bi langile zauritu ziren, eta ospitalera eraman zituzten osasun arta jaso zezaten. Horietako batek erredurak izan zituen. Iurretako eta Basauriko (Bizkaia) suhiltzaileak bertaratu ziren, eta goizaldera lortu dute itzaltzea.
Fabrika ez ezik, inguruko lantegiak ere atoan hustu zituzten. Eta etxetik aterarazi zituzten auzoko dozena erdi baserritako bizilagunak ere, garren ondorioz zabaldu zen ke laino handia toxikoa izan zitekeelakoan. Izan ere, enpresak produktu kimikoekin egin du lan. Inguruan hedatu zen kiratsak kezka areagotu bazuen ere, larrialdi zerbitzuek berehala baieztatu zuten keak ez zuela arriskurik.
Suak guztiz erre du fabrikaren estalkia, baina ez dio kalterik eragin eraikinari. Makinek, aldiz, kalte handiak izan dituzten. Sua zerk eragin zuen ikertzen ari dira orain.